Teknologia albisteak

Iban Garcia azkotiarrak irabazi du 'Youtuberrak' lehiaketako bideo onenaren saria

Erabiltzailearen aurpegia
Maxixatzen, cc-by-sa
2015-05-30 : 09:28

Gaztea irrati-kateak antolatutako 'Youtuberrak' lehiaketaren lehen saria Iban Garcia gazte azkoitiarrak irabazi du,  'Egoera deserosoak' bideoarekin. 500 euroko diru-saria jasoko du. [Maxixatzen-en argitaratua, handik hona cc-by-sa lizentziari esker ekarria].

'Youtuberrak' lehiaketak hilabetero 500 euroko saria ematen dio, bideorik onena egiten duen 'youtuberra'ri. Maiatzeko bideorik onena Iban Garciarena dela erabaki du publikoak: 620 boto jaso ditu.

Maxixatzen herri-hedabideak, gainera, elkarrizketatu egin du Iban Garcia:

Espero al zenuen lehiaketa irabaztea?

Egia esan ez nekien besteek nolako bideoak aurkeztuko zituzten, baina behin denak ikusi ondoren, aukerak banituela ikusi nuen. Batzuk oso onak zirela aitortu beharra daukat, eta haiek ere irabazteko aukera asko zituzten.

Zein da  zuri gehien gustatu zaizun bideoa?

Lurrean itzulipurdiak egiten dituzten mutil gazte baten bideoa asko gustatu zait. Kalitate aldetik ere ezin hobea da, eta bideoan egiten dituen gauzak harrigarriak dira benetan. Baina, hala ere, lehia handiena bigarren geratu den lehiakidearekinizan dut, boto asko lortzen ari baitzen. Baina, azkenean, nire lagunei eta herritar guztiei esker irabaztea lortu dut. 

Botoak lortzeko zerbait berezia egin al duzu?

Ene, guztia kontuko banizu... Mezuak lau haizetara zabaltzen aritu naiz: Whatsappetik, sare sozialetatik eta kalean papertxoak banatzen ere ibili naiz. Azkenean, 620 boto lortu ditut. Denei eskerrak eman nahi dizkiet; izugarriak zarete.

Sari honek aurrera begira lanean jarraitzeko motibazioa eman al dizu?

Dudarik gabe! Ez da egunero halako ordainsari bat lortzen, hobbie bat egiteagatik. Esperientzi bikaina izan da.

Nolatan hasi zinen bideogintzan?

Duela bost urtetik nabil horretan, baina txikitatik daramat bideogintzarako sena. Denborarekin pixkanaka gauza berriak ikasten joan naiz. Baina oraindik asko dut hobetzeko.

Auskalo norengandik datorkidan afizio "arraro" hau. Nire gurasoek larri-larri dakite ordenagailu bat pizten. Agian, osabarengandik datorkit sena, hura argazkigintzan aritzen baita. 

Telebista munduak erakarri egiten zaitu?

Pila bat. Kamera aurreko lanetan eroso sentitzen naiz, eta etorkizunean telebistan edo irratian ikusten dut nire burua. Sari honi esker, Gu Ta Gutarrak telebista saioan ateratzeko aukera izan dut, eta Gaztea irrati-katean ere bai. Oso esperientzia ederrak izan dira biak, inoiz ahaztuko ez ditudanak.

Zer esaten dizute zure gertukoek?

Gurasoak harrituta daude. Ez zuten uste nik "ezkutuan" Interneten halako gauzak egingo nituenik. Nire lehen bideoa ikusi zutenean zur eta lur utzi nituen. Oso harro daude halako seme bat izateagatik.

Lagunak, berriz, hunkituta eta harrituta geratu dira. Beraiengandik jasotzen dudan laguntza eta babesa oso baliogarriak dira niretzat, bide honetan aurrera jarraitzeko. Handiak zarete! Gainera, Egoera deserosoak bideoa egiteko jendea behar nuen, eta beraien eskaini ziren, bideoan parte hartzeko. Bonboi lokaleko bonboitxoei eskerrak eman nahi dizkiet.

Eskolarako ere bideo asko egiten dituzula jakin dugu.

Bai, eta plazer bat da niretzat, Floreagarentzako ikus-entzunezko atal bat sortzea eta haiei lagundu ahal izatea.

Zer egingo duzu ordainsariarekin?

Hamabost urterekin 500 euro irabazita gauza asko egin daitezke. Agian, burua erabilita, hemendik urte batzuetara autoko gidabaimena ateratzeko gordeko dut, baina auskalo.

[Jatorrizko elkarrizketa: Maxixatzen, cc-by-sa]

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago