Teknologia albisteak

Sorkuntza proiektu bat: Hiri Asko Bere Baitan

Erabiltzailearen aurpegia
Unai Villena
2015-05-15 : 08:34

Gazteen irabazi asmorik gabeko sorkuntza proiektuak bultzatzen dituen Bilboko Udaleko Ideiak Martxan lehiaketan saridun suertatu ostean, apirilean jarri genuen martxan Hiri Asko Bere Baitan proiektua Asier Olabarrieta, Aitor Gomez eta Unai Villenak. Ordutik hona etengabean aritu gara lanean, gure irudimenarekin unibertso bisual, literario eta soinudun propioa sortu eta hiriaren ikuspegi berri bat emateko.

Dagoeneko ibilbide erdia baino gehiago beteta, blogean Bilboko barruti ezberdinetan oinarritutako lau argazki-testu-musika-obra plazaratu ditugu eta hauen sorkuntza prozesu eta proiektuaren aurrerapausoak azaldu ere.

Proiektua amaitu arte gelditzen diren hilabeteotan, blogean falta diren lau obrak plazaratzeaz gain, ondorengoak prestatzen gabiltza buru-belarri:

  1. obrak aurkezteko egingo dugun zuzenekoa (Bilborocken azaroak 28an izango dena);
  2. obra guztiak biltzen dituen erakusketa (azaroan izango dena, zehazteko dagoen Bilboko udal-barruti batean); eta
  3. obra guztiak bilduko dituen liburuxka (paperean eta digitalki publikatuko duguna).

Horrez gain, proiektuaren difusioari azken bultzada eman eta interesa izan lezakeen jende gehiagorengana iritsi nahiko genuke. Hori dela eta, goian aipatutako estekei (proiektua; obrak; bitakora) begirada bat botatzea eskatzen dizuegu, eta interesgarria baderitzozue, proiektua zabaltzen laguntzea, horretarako dauden modu ugarietakoren bat baliatuz: zuen sare sozialetan haren berri eman edo obraren bat konpartituz, sare sozialetako gure profilak atseginez, zuen medioetan proiektuaren oihartzuna zabalduz (irratsaio eta bestelakoen kasuan, prest gaude zuen galderei erantzuteko), etab. Ekimena zabaltzeko laguntza oro ongi etorria izango da! Esker mila aldez aurretik eta agur bero bat!


Harremanetarako:
e-posta: hiriaskoberebaitan (a bildua) gmail.com
Facebook / Twitter: @hiriasko

Erantzun

Sartu