Teknologia albisteak

10 proposamen, udaletik euskara bultzatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Jabier Zabaleta, Karkara
2015-05-11 : 08:56
Plataforma per la llengua elkarteak dekalogo bat prestatu du katalanaren erabilera bultzatzeko Herri Katalanetako udaletan: Guretzat ere abiapuntu baliagarria dela iritzita, dekalogoa euskaratu dut. (Jabier Zabaletak Karkaran argitaratua, eta hango cc-by-sa lizentziari esker hona ekarria)

Dekalogoa euskaratu eta egokitu dut, oriotarren eta, bereziki, udal hauteskunde hauetara aurkezten diren Orioko alderdien eskueran jartzeko. Etengabeko lanketa eskatzen duen gaia da hizkuntza politikarena eta, tarteka, komeni da kontu oinarrizko batzuk berritzea. Hauek dira hamar proposamenak:

1.- Prestigioa ematea hizkuntza-politikaren arloari eta bitartekoak jartzea eraginkorra izan dadin; ahal bada, Euskara batzorde berezitu bat sortuz, arloaren gidaritza-lana egiteko.

2.- Euskara Zerbitzu ondo hornitu eta proaktiboa izatea, Udalari eta herritarrei hizkuntza-aholkularitza emango diena eta alorrez alorreko kanpaina eta egitasmoak diseinatuko dituena goragoko erakundeekin elkarlanean (HPS, GFAko Euskara Departamentua, Urola Kostako Udal Elkartea, UEMA…).

3- Bermatzea udal langile guztiek euskara erabiliko dutela, lehentasunez, herritarrak hartzeko, nahiz eta gero beste hainbat hizkuntza ere erabili, herritarraren aukeraren arabera. Eta irizpide hori berdin aplikatzea Udalak kontratatutako enpresetako langileen kasuan.

4.- Euskara izatea Udalaren komunikazio hizkuntza, bai argitalpenetan, bai barruko agirietan, sinatutako kontratuetan, komunikabideekiko harremanetan…

5.- Euskararen presentzia ziurtatzea kalean eta publizitatean. Udalaren publizitate instituzionala euskaraz egitea eta hizkuntza-baldintzak ezartzea kartel eta iragarkiak jendaurrean jartzen dituztenei.

6.- Hizkuntza-baldintzak ezartzea produktuak erosterakoan eta diru-laguntzak ematerakoan. Udalaren eragin esparruaren barruko zerbitzuetan (kiroldegia, kultur etxea, musika eskola, kontzesioan utzitako tabernak…) euskaraz etiketatutako produktuak eta euskarazko zerbitzua ematen duten enpresak baliatzea. Eta, herriko zein kanpoko talde eta elkarteei diru-laguntzak ematerakoan, euskararen erabilera baldintza gisa jartzea.

7.-Prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea, bai udal langileei eta baita udalaren eragin esparruaren barruan ikastaroak, jardunaldiak, tailerrak edo horrelakoak jasotzen dituzten herritarrei, harrera-zerbitzuaz baliatzen diren etorri berriak barne.

8.- Hizkuntza-kontzientziazioa bultzatzeko kanpainak egitea, herriko eragileekin eta goragoko erakundeekin elkar lanean.

9.- Euskarazko kultur programazio sendo eta egokia bultzatzea, Udalaren bitartekoak horretarako erabiliz eta herriko elkarteei erraztasunak eta laguntzak emanez.

10.- Bermatzea herritarrek aukera izango dutela euskara doan, edo ia doan, ikasteko, baldintza ahalik eta egokienetan, horretarako bitartekoak jarriz eta laguntzak emanez.

Jatorrizkoa: cc-by-sa, Jabier Zabaleta, Karkara, eta Plataforma per la Llengua.

Erantzun

Sartu