Teknologia albisteak
1

Dropcoin: txanpon baten truke artikulu jakin batzuk saritu

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Iturria, cc-by-sa
2015-03-10 : 15:28
Interneten dena debalde egon beharko lukeela uste duen horietakoa bazara, alferrik ari zara lerro hauek irakurtzen. Baina, aldiz, Interneten ere gauza batzuk pagatu behar direla uste baduzu, agian interesatuko zaizu behekoa. Artikulu bat gustuko baduzu eta egileari hori txanpon batekin eskertu nahi badiozu, hementxe duzu Dropcoin. Mikel Iturriaren artikulua Harrikadak blogean agertu zen, baina bertako cc-by-sa lizentziari esker hona ekarri dugu.

Komunikabideen alorrean egia da medioen edukiak ordaintzeko aukerak hedatuak daudela jada sarean (harpidetza bidez, adibidez), baina batzuetan ez duzu harpidetzarik pagatu nahi (edo ezin duzu) eta agian aukera polita izan daiteke Dropcoin. Labur esanda: egileen lanari "atsegin dut" esan beharrean soilik, hori txanpon batekin laguntzeko erreminta da. Honen atzean talde nafar bat dago eta bideo honek ederki esplikatzen du proiektua 90 segundotan.

Webgune batzuk instalatuta dute jada botoia. Horietako bat da Jot Down [web bertsioan, ez ordea mugikorrekoan, nahiz eta beste webgune batzuetan mugikorrean ere badabilen] eta bertan probatu dut nola funtzionatzen duen Dropcoin-ek eta, benetan, dioten bezain erraza da.

Lehenik eta behin alta eman dut Dropcoin gunean. Ondoren, duela hilabete batzuk gustura irakurritako edukira jo dut. Hain zuzen ere, Peio Ruiz Cabestanyri Ander Izagirrek eginiko elkarrizketara. Amaieran, justu argazkiak Juan González Andrés-enak direla dioen azpian, dagoen Dropcoin botoian egin dut klik. Euro bateko aukera sakatu dut (gehienez ere, bi eurokoa da ekarpena) eta banku-txartelaren datuak bete ditut. Listo.

Egin dudanean zalantza batekin geratu naiz: ea nire propinaren zatitxo bat ailegatuko ote den Ander eta Juanen eskuetara. Baina hori ez dagokio Dropcoin-i, Jot Down-i baizik.

Bukatzeko, lerro hauek idatzi ondoren beste bideo bat ikusi dut. Honek dio nola jarri Dropcoin zure webgunean.



Jatorrizkoa: Mikel Iturria, Harrikadak, cc-by-sa.

Erantzunak

2015-03-12 : 15:17

Begira @iturri nolabait erlazionatutako kontzeptu bat, baina app mugikor batean: Blendle. Herbehereetan nahiko zabaldua omen dago eta kasu honetan, prezio finko bat omen dago artiluluko, ekoizle eta app-egileen artean adostua.


Sustatu.eus | Blendle © cc-by-sa: codesyntax

Informazio apur bat:
http://www.nacion.com/tecnologia/avances/holandesa-Blendle-revoluciona-notas-periodisticas_0_1470652938.html

Erantzun

Sartu