Teknologia albisteak

"Internet ez da erantzuna, 10 arrazoi"

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Iturria, Harrikadak
2014-12-31 : 09:54
The Internet is Not the Answer (Internet ez da erantzuna) izeneko liburua argitaratu berri du Andrew Keen idazleak. Lehendik "The Cult of the Amateur" eta "Digital Vertigo" liburu polemikoak argitaratu zituen. 10 puntu laburbilduta jarraian. (Jatorrizkoa, Mikel Iturriaren Harrikadak blogean, handik hona cc-by-sa lizentziari esker ekarria).
New York-en egin zen abenduaren 10ean AEBetako The Next Web Conference. Parte hartzaileen artean Andrew Keen idazle eta ekintzailea. Liburua atera berri du Keen-ek: The Internet is Not the Answer (Internet ez da erantzuna). Artikulu motz batean, hamar puntutan laburbildu ditu liburuaren argudio nagusienak (aitor dezadan Markel Olanoren txio honen bidez iritsi nintzela bertara).
  1. Boterea eta ongizatea birbanatu beharrean, XXI. mendeko Amazon eta Google bezalako monopolio erraldoiak sortu ditu.

  2. Lanpostuak sortu beharrean, 19.000 milioi dolar mugitzen dituen WeChat bezalako startup-ak sortu ditu, soilik 55 langile dituena.

  3. Snowden-ek ezagutzera eman duen bezala, gizarte gardena sortu beharrean, gure pribatutasuna suntsitzen ari da eta aukera ematen die gobernuei eta konpainia pribatuei gu zelatatzeko uneoro.

  4. Aberastasuna demokratizatu beharrean, Airbnb bezalako startup aberatsak sustatzen dituen Silicon Valleyko ekonomiak aberatsen eta behartsuen arteko leizea handitzen ari da.

  5. Kultura berpiztu beharrean, Online bidezko pirateriak eta blogosferaren eta social mediaren eduki libreak musika, prentsa, argazki eta liburuen industria suntsitzen ari da.

  6. Demokraziak aurrera egin beharrean, Reddit eta 4Chan bezalako sare anonimoek mafiaren legea ari dira indartzen.

  7. Tolerantzia sustatu beharrean, Twitter eta Facebook bezalako sareetan arrazismoa, sexismoa eta bullying-a pandemia moduan zabaltzen ari dira.

  8. Kultura berpiztu beharrean, Instagram bezalako sareek nartzisismo gorrotagarriaren garai selfie-zentrikoa sustatu dute.

  9. Sareko “ekonomia partekatua” deritzona Uber enpresako buru den Travis Kalanick bezalako enpresarien ekonomia berekoia eta etikoki eztabaidagarria da gaur egun.

  10. Tumblr edota Pinterest bezalako “datu konpainietan” jartzen gaitu musutruk “lanean” eta beraiek aberastu egiten dira guk geuk egunero emandako datuekin.

Gehiago irakurtzeko interesa piztu badizu dekalogo honek, autoreak berak 8. kapitulua jarri du irakurgai sarean.

Artikulu originala, cc-by-sa lizentziarekin Harrikadak blogean, "Internet: problema edo irtenbidea?" non, gainera, Amazon-Killer eta Forgotify tresnak ere aurkezten dituen Mikel Iturriak.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago