Teknologia albisteak

RIPeko gitarrista Jul Bolinaga hil da kontzertuan jotzen ziharduela

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Azkarate, Goiena
2014-11-16 : 08:31
Arrasateko RIP taldeko gitarrista Jul Bolinaga (argazkian, ezkerretan banjoarekin) hil da bart, Bergarako gaztetxean, The Potes taldearekin jotzen ziharduela, hain zuzen ere , RIP taldearen Condenado abestia. Txapa Irratiaren 30. urteurrena ospatzeko, zapatu arratsaldean antolatutako kontzertuan, bat batean, lurrera jausi da. Anbulantziak berehala gerturatu dira kartzela zaharrera eta ordu eta erdiz saiatu dira erreanimatzen, baina ezin izan dute ezer egin. (Jatorrizko artikulua, Goiena.eus, cc-by-sa lizentziari esker hona ekarria)

Bergarako Txapa Irrati librearen 30. urteurreneko ospakizunen barruan, The Potes taldeak kontzertua eskaintzen ziharduen. Emanaldiaren amaieran, RIP taldearen Condenado abestia jotzen ari zirenean, bat batean lurrera jausi da Jul Bolinaga. "Kontzertuko azken abestia zen eta azken riffa egiten zebilen jausi denean" esan du Igor Sala The Potes taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak.

Osasun zerbitzuak eta polizia berehala ohartarazi eta azkar bertaratu badira ere, ezin izan dute ezer egin. Bi ordu eta erdi egon dira zain, auzitegiko medikuak heriotza ziurtatu eta epaileak gorpua jasotzeko agindua eman duen arte. 22:45ean ziurtatu du auzitegiko medikuak arrasatearraren heriotza. Bihotzekoa izan ei da heriotzaren arrazoia. Antolatzaileek gaztetxea berehala hustu eta bertan behera utzi dituzte ospakizunak. "Bi ordu pasa luze izan dira. Oso une gogorra, taldekide, senide eta antolatzaileondako" esan du Iñigo Herreros kontzertuko soinu teknikariak.

Jul Bolinagaren gorpua Donostiako auzi-ospitalera eroan dute eta autopsia egingo diote heriotzaren arrazoia jakiteko.

1980ko hamarkadako RIP punk talde mondragoetarraren gitarrista zen Jul Bolinaga. Talde mitiko hartako lau kideetatik hiru —Karlos Agirreurreta Mahoma 2003an eta Eduardo Mancebo Portu 1997an— hilda daude. Jul Bolinaga 2014ko azaroaren 15ean joan da. Eszenatokiaren gainean hil da. Julen anaia Txerra geratzen da.


Jul RIP-en 1980ko hamarkadan.

The Potes talde arrasatearrak Flogging Molly eta RIP taldeen bertsioak egiten ditu. Talde horrek, baina, instrumentu akustikoak sartu ditu bere doinuetan, eta irlandar zein AEBetako ukituak dituen doinuak sortu. Jul Bolinagak banjoa jotzen zuen taldean.

Erantzun

Sartu