Teknologia albisteak

Bittor Kapanagaren lanen bilduma aurkeztu da, "Euskara erro eta gara"

Erabiltzailearen aurpegia
Bittor Kapanagaren lagunak
2014-11-07 : 12:30
Gaur eguerdian aurkeztu da Bilbon Euskara erro eta gara, Bittor Kapanagaren idatziak biltzen dituen lana. Bi liburukitan argitaratuko dira Bittor Kapanagaren lanak, eta lehenengo honetan euskerari eta euskaldunon mundu ikuskerari buruzkoak irakurri daitezke. Hizkuntzaren misterio ilunenetan murgiltzen da eta argi egitea lortzen du sarri askotan. Heterodoxoa izan zen gauza askotan, eta sarri bere teoriek talka egiten dute ezarritzat ematen direnekin.
Gaur eguerdian aurkeztu da Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan "Euskara erro eta gara" liburua. Bertan izan dira Juan Martin Elexpuru idazlea (liburuaren edizioaz arduratu dena), Jose Luis Lizundia (Euskaltzaindia) eta Antton Mari Aldekoa-Otalora (Gerediaga Elkartea). 

"Euskara erro eta gara"

Kapanagaren lanak biltzen dituen lehenengo liburua da. Bi liburukitan argitaratuko dira Bittor Kapanagaren lanak, eta lehenengo honetan euskerari eta euskaldunon mundu ikuskerari buruzkoak irakurri daitezke. Unibertsitatetik igaro gabea izan arren, jakinduria handiko gizona zen eta oso ondo ezagutzen zuen euskera. Berebiziko sena erakutsiz, hizkuntzaren misterio ilunenetan murgiltzen da eta argi egitea lortzen du sarri askotan. Heterodoxoa izan zen gauza askotan, eta sarri bere teoriek talka egiten dute ezarritzat ematen direnekin. 

Hauek dira hemen irakurri daitezkeen lanak:
  1. Euskera erro eta gara (1978). Bere obra nagusia. Berton garatzen ditu bere teoria eta uste nagusiak. 
  2. Testu zahar baten bitxitasunak (1983). Refranes y sentencias liburuko esaera batzuen interpretazioaz. 
  3. Euskera batua eta euskalkiak (1984, argitaragabea).  Eibarren emaniko hitzaldia. Gaur egun ere bizibizi dagoen gaia. 
  4. Euskaldunen ikuskera (2001, argitaragabea). Euskaldunen erlijio zaharra, asteko egunak, koloreak, zenbakiak eta beste hainbat gai jorratzen ditu. 
  5. Initza (2004, argitaragabea). Euskal aditzari buruzko saiakera. 

Bittor Kapanaga Elorzari omenaldiak

Bittor Kapanaga Elorza (Otxandio 1925-2011). Gerra osteko sasoi gogorretan alfabetatze kanpainak antolatzen, euskeraren erroak aztertzen, kantuletrak egiten, kooperatibak sortzen, politikagintzan eta herrigintzako beste hainbat arlotan jarduna. Unibertsitatera joateko aukerarik izan ez arren,  jakinduria handiko gizona zen. Adiskide ugari egin zuen. Filosofoa, psikologoa, aztia, txamana, orakulua... dira bera definitzeko erabiltzen diren berba batzuk.

Kapanaga hil ostean, bera ezagutu genuen lagun-talde batek bere lana jaso eta zabaltzea pentsatu genuen. Horretarako hainbat lan egin ditugu. Esate baterako, 2013ko neguan, Bittor gertutik ezagututako hogeita sei pertsona bildu eta bakoitzari eskatu genion Kapanagari buruz berba egiteko kamara aurrean. Lekukotasunak Ahotsak.com webgunean ikus daitezke.

Horrekin batera, 2014ko uztailaren 12an, Otxandion, Bittor Kapanaga Otxandioko aztia izeneko ikuskizun-omenaldia antolatu genuen. Besteak beste, hantxe izan ziren Kapanagaren hitzei musika ipinitako kantariak (Gontzal Mendibil, Niko Etxart, Josu Zabala, Patxi Villamor, Txomin Bengoa eta Xeberri), eta Kapanaga ezagutu zuten hiru bertsolari (Xabier Amuritza, Unai Iturriaga eta Igor Elortza).

Erantzun

Sartu