Teknologia albisteak
1

Hekimenen oharra, HPSk erabakitako azken diru laguntzen banaketa dela eta

Erabiltzailearen aurpegia
Hekimen
2014-11-04 : 13:19
Hekimen [Euskal hedabideen elkartea] sortu zenean, 2012ko amaieran, elkarlana izan zen gehien azpimarratu genuen hitza. Bagenituela proiektu asko elkarrekin egiteko, merezi zuela elkarrekin aritzea. Halaber, asko aipatu ziren bi ideia: errespetua eta konfiantza. Ezinbestekoa zela bakoitzak orain arte egin duena eta lortu duena onartzea eta errespetatzea, eta eragileen arteko konfiantza irabazi beharra zegoela. Harremanak ez baziren konfiantzan oinarritzen, ezinezkoa izango zela elkarlana, are gutxiago epe motzerako irabaziak baino arriskuak ikusten diren langintza honetan.
HPSk egin duen azken diru laguntzen banaketak tsunami txiki bat eragin du sektorean: jaitsierak enpresa askotan sortu dituen kalteen aurrean, amorrazioa; igoerak izan dituztenen kasuetan, poza erakutsi ezina; sektoretik kanpoko balorazioen zehar kalteekin, kezka; administrazioarekin enfrentamendu giro deserosoa dela eta, ezintasuna.

Zuzendaritzan uste dugu Hekimenek ez duela asmatu mezu bateratua helarazten, eta autokritika egin behar dugu.

Baina mezu bateratua izan, badugu, eta hori helarazten ahaleginduko gara hemendik aurrera.

Sektoreari esateko baditugula proiektu ugari elkarrekin egiteko, eta merezi duela elkarlanak:

  • Aurten bertan martxan jarri nahi ditugun lan taldeak: publizitatea, Interneterako estrategiak, sinergiak, berrikuntza.
  • Behategiaren inguruan egiten ari diren urratsak: Interneteko eta gainerako kontsumoen audientzia neurketa posibleak; sektorearen kartografia; Europako diru laguntzak
  • Hitzarmenak: EHU, MU eta DU unibertsitateekin; GFArekin; Udalbiltzarekin

Gizarteari esateko:

  • Produktu eskaintza kalitatezkoa eta erakagarriagoa jartzen ahalegintzen garela hartzaileen esku, eta horretarako ezinbestekoa dela gaur egun euskal hedabideek osatzen duten sare minimo hori babestea.
  • Eskaera hori inoiz baino zabalagoa eta modernoagoa dela, eta gure helburua dela hartzaile guztien beharrak asetzea, eta ahalik eta jende gehienarengana iristea.

Eusko Jaurlaritzari esateko:

  • Erakundeen aldetik diru kopuru handiagoak behar direla hedabideen garapenerako, hedabideek egoera larria bizi dutelako, eta gainera aldaketa testuinguru honetan berritu beharra dutelako, egokitu, eta horrek inbertsioak eskatzen ditu. Gainera, azken urteetan aurrekontu orokorrekiko pisu espezifikoa galdu du hedabideen deialdiak.
  • Laguntzak banatzeko irizpideetan aldaketak egin ditu aurten Jaurlaritzak, baina behin eta berriro esan dugun moduan irizpide horiek ez dira aldatu sektorearekin adostuta edo eztabaidatuta. Irismenak saritu nahi izan ditu Jaurlaritzak aurten, eta Hekimenen ustez ondo dago irismena saritzea, behar-beharrezkoa da hori, helburua izan behar du irismena saritzea, baina laguntzak bakarrik edo nagusiki irismenaren arabera erabakitzeak arriskuan jar dezake gaur egun hedabideek duten sare gutxienekoa, izaera oso desberdinetako produktuak daudelako. Sektorearen parte bat kaltetu dezake, eta horrek berak sektorea ahuldu. Guretzako, irismenak helburua dira, ez abiapuntua.
  • Beharrezkoa dela hausnarketa estrategikoagoa egitea, sakonagoa, goragotik begiratzeko eta adosteko herri honek euskarazko ze hedabide-sare behar duen gutxien-gutxienez (arloka eta geografikoki). Diru laguntza-politika egoki batek lagundu behar luke gutxieneko egitura hori sendotzen. Horren ondoren, beharrezkoa dela adostea hedabide horiek nondik nora garatu behar diren, ze irizpideren arabera: irismena handituz, kalitatea sustatuz, eraginkortasun soziala azpimarratuz, autofinantzazioa landuz, efizientzia areagotuz… Oinarri hauen inguruan gogoeta zabala behar dugu izan, eta administrazioekin egin behar dugu. Hori egin ezean, nekez garatu daiteke hedabide-sare kalitatekoa, eraginkorra eta askotarikoa.
Alderdi eta eragile politikoei esateko:

  • Hizkuntza Politikarako diruak, eta, ondorioz hedabideentzako diruak, jaisten ari direla urtez urte, pisu espezifikoa galtzen ari direla. Aurrekontuak mantentzen badira ere, gero eta diru gutxiago da sektorearentzat, bistan da.
  • Hain zuzen ere hizkuntza politikan aldaketa eskatzen ari den honetan, behar-beharrezkotzat jotzen dugula gaia joko politikotik ateratzea eta akordio estrategikoak lortzeari begira ahaleginak egitea.
  • 2015erako aurrekontuak eztabaidatzen hasi direnean, euskararen aldeko politikak beste tratamendu bat merezi duela.

Hekimeneko zuzendaritza osatzen dugunok prest gaude norabide honetan indarra egiteko, elkarrekiko errespetutik abiatuz, bakoitzak bere proiektua zainduz eta aldarrikatuz, baina sektorea osatzen duen sare zabalaren beharra onartuz, eta babestuz.

Hekimeneko zuzendaritza
2014ko azaroaren 4an
[oharra: Sustatu Hekimenen parte da]

Erantzunak

2014-11-05 : 09:59

Hekimenek beste ohar bat zabaldu du jakinaraziz gaur HPSrekin bilduko direla. Hala dio testuak:

"Aurtengo udaberrian elkarrekin adostu genuen elkarlan mahaiaren barruan, Hekimen elkarteak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bilera bat egingo dugu gaur, azaroak 5, Bilbon. Bileraren helburua da euskal hedabideek osatzen duten sektorearen inguruko diagnosian sakondu eta hizkuntza politika egoki batek kontuan hartu beharko lituzkeen aldagai guztien inguruan hausnarketa bateratua egitea.

Hekimenen ikuspegitik, behar-beharrezkoa da sektorearen inguruko irakurketa pausatua eta sakona egitea, horrek lagunduko digulako euskal hedabideoi aurrean ditugun erronkei aurre egiten eta sektorea garabidean jartzen.

Alde horretatik, Hekimen elkarteak garbi dauka hizkuntza politika egoki batek diru kopuru handiagoak eskatzen dituela, hizkuntzaren garapenerako estrategikoak diren euskal hedabideek egoera larria bizi dutelako, eta Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrekiko pisu espezifikoa galtzen ari delako etengabe sektorea.

Bestetik, uste dugu epe luzeko begirada eskatzen duela egoerak. Begiratu behar dugu ze hedabide-sare behar dugun gutxien-gutxienez (arloka eta geografikoki), eta diru laguntza-politika egoki batek lagundu behar luke gutxieneko egitura hori sendotzen, eta gaur egungo laguntza-politika ez da nahikoa berme horretarako.

Horren ondoren, beharrezkoa iruditzen zaigu adostea hedabide horiek nondik nora garatu behar diren, ze irizpideren arabera: irismena handituz, kalitatea sustatuz, eraginkortasun soziala azpimarratuz, autofinantzazioa landuz, efizientzia areagotuz.

Oinarri hauen inguruan gogoeta zabala behar dugu izan, eta administrazioekin egin behar dugu. Hori egin ezean, nekez garatu daiteke hedabide-sare kalitatekoa, eraginkorra eta askotarikoa."

Argiak argitaratu duenez, bileran egongo dira Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkue, Eusko Jaurlaritzaren izenenean. Hedabideen ordezkaritzan Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaran, Berria Taldeko kontseilari ordezkari Iban Arregi eta Hekimeneko lehendakari Iban Arantzabal joango dira.

Erantzun

Sartu