Word Lens: bidaietan hizkuntzekin lagunduko dizu errealitate hedatuko doako aplikazio honek
Sustatu
2014-08-03 : 10:14
Bidaiatzen ari zarela, ez dakizun hizkuntza batean aurkitutako errotuloa edo testua itzultzen lagunduko dizun aplikazioa da Word Lens. Doan instalatu daiteke iOS/Apple eta Android sistemetan. Word Lens irekitzean, mugikorreko kamera zuzendu testura, eta pantailan irudi errealetan letrak aldatuko dira eta testu itzulia agertuko zaizu.
Efektua harrigarria ere bada, errealitate hedatua esaten zaion horren adibide on bat. Goiko argazkia Donostiako kaleetan aterata dago, iragarki baten lerroa itzuli du gaztelaniatik ingelesera sistemak. Benetan, bideo honetan bezala funtzionatzen du, aldiberekoa da irudi-moldaketa. Itzulpenaren kalitatea ez da primerakoa, baina errotulo baten nondik norakoaz ideia bat izateko balio dizu.
Hizkuntza pare mugatuak ditu, baina, ingelesik ez badakizu, ingelesezko testuak gaztelaniara edo frantsesera itzultzen lagunduko dizu. Euskaldunontzat urrutiagokoak izan daitezkeen alemana eta errusiera itzultzeko ere balio du, baina kasu horretan ingelesaren bidez izan beharko du. Konexiorik gabe funtzionatzen du, hortaz, ez duzu roaming tarifarik edo wifirik eskura eduki behar kanpoan bazabiltza.
Hauek dira gaur egunean funtzionatzen duten hizkuntza pareak:
ingelesa ⇆ errusiera
ingelesa ⇆ italiera
ingelesa ⇆ frantsesa
ingelesa ⇆ gaztelania
ingelesa ⇄ alemana
ingelesa ⇄ portugesa
Word Lens Kaliforniako enpresa batek sortu du, Quest Visual-ek. 2014ko maiatzean Googlek erosi du, eta pentsatzekoa da laster, konexioan daukazunean, Google Translate zerbitzuarekin batera askoz hizkuntza gehiagotan funtzionatuko duela. Beta etiketarekin, euskara ere bada Google Translate-n. Era berean, Google Glass gailurako ere garatu omen da Word Lens-en bertsio bat.
Erantzun
Sartu