Teknologia albisteak

HKEEren arabera, euskararen aitzakiarekin, Realak milioi bat euro jaso zuen legez kanpo Foru Aldunditik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2014-07-26 : 10:23
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren (HKEE) arabera, legetik kanpo jaso zuen Realak milioi bat euro Gipuzkoako Foru Aldunditik, euskararen aldeko publizitatearen aitzakiarekin. 2010ean urtebeterako hitzarmena sinatu zuen Realak publizitate horren truke 1.2 milioi jasotzeko. 2011n, akordioa ez zen ofizialki berritu, baina Realak berritu izan balitz bezala egin zuen, euskararen aldeko mezuarekin jarraitu zuten, eta handik urtebetera, 2012an, dirua esijitu zioten Foru Aldundiari. Aldundiak 1.2 milioi ez, baina milioi bat euro eman zizkion.

Herri-Kontuen Epaitegiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontuak aztertzen dituen txostenean agertzen da auzia. HKEEk ez du Reala aipatzen milioi irregularraren auzian, baina Foru Aldundiaren defentsa alegazioetan agertzen da.

Foru Aldundiak EAJ agintean zela (eta Reala 2. mailan) adostu zuen urtebeterako publizitate hitzarmena Realarekin, 2010eko udaberrian. Urtebeterako zen hura, 1.2 milioi euroren truke. 2011n amaitua behar zuen akordioa, baina 2012an, miloi bat euro gehiagoren ordainketa irregularra detektatu du HKEEk. Horri aurkeztutako alegazioan azaltzen du Foru Aldundiak zer gertatu zen.

Hau da kronologia:

  • 2010ean, EAJ agintean dela Diputazioan (Hamaika Bat alderdiarekin koalizioan), urtebeterako hitzarmena, 1.2 milioi euroren truke, "Gipuzkoa euskararekin bat" lema zabaltzearen truke.
  • 2011ko ekainean, foru hauteskundeak izan eta egun gutxira, EAJ zegoelarik oraindik jarduneango agintean, "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Real Sociedad de Futbol SAD sozietateak adostu zuten publizitate-laguntzako kontratu berri bat sinatzea 2011-2012 futbol denboraldirako."
  • Hitzarmena Markel Olano ahaldun nagusiaren azken diputatu kontseiluan zen onartzekoa. 2011ko ekainaren 21eko kontseiluko gai zerrendan zegoen, "baina azkenean Diputatuen Kontseiluak ez zuen onartu."
  • Realak, hitzarmenik gabe ere, aurrera jarraitu zuen, ez entzunarena eginez. Honala azaltzen du Foru Aldundiak: "Real Sociedad de Futbol SAD sozietateak, aurreko foru gobernuarekin lortutako akordioa itxita emanez, hainbat publi zitate espazio eta euskarri mantentzen jarraitu du 2011-2012 futbol denboraldian zehar."
  • 2012ko ekainean, Martin Garitano (Bildu) zelarik ahaldun nagusia, Foru Aldundiak gobernu kontseiluan erabaki zuen Realak denboraldiko publizitate ez ofizialki hitzartuagatik milioi bat euro ordaintzea futbol taldeari. 2012ko uztailearen 17ko diputatu kontseiluan hartu zen erabakia. Egun berean Martin Garitanok eta Larraitz Ugarte diputatuak emandako prentsaurrekoan, ez zuten kontseiluko erabaki honi buruz ezer esan.

2012ko erabaki horri irregularra deritzo HKEE-k, baina Foru Aldundia lau puntutan oinarritzen du bere legezkotasuna alegazioetan, hitzez hitz:

  • a) Kontratu oso pertsonala dela, pertsonaren arabera egindakoa
  • b) kontratazio espedientea publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez izapidetuta, Real Sociedad de Fútbol SAD sozietatea bakarrik izan zitekeela kontratuaren hartzailea;
  • c) kontratistak eman zuela bere prestazioa (dokumentutan egiaztaturik dagoen bezala) eta, beraz, zegokion ordainketa egin behar zitzaiola, administrazioa ez zedin bidegabe aberastu;
  • d) aurreko foru gobernuak hartutako konpromiso bat betetzea zela kontua;

Hala ere, 1.2 milioi ordaindu beharrean, milioi bat bakarrik ordaindu ziren, ordainketa murriztua erabaki zen. Murriztapena zeren arabera eta zergatik erabaki zen ez du azaltzen Foru Aldundiaren alegazioak.

Azkenean, "Gipuzkoa euskararekin bat" dagoela esateko, 2.2 milioi euro Realarentzat, bi aginte-talderen eskutik (EAJ eta Bildu). Eta diruaren erdia ia, irregularki, inon ofizialdi ez diren "pertsonaren arabera egindako kontratu oso pertsonalak" tarteko.

Erantzun

Sartu