Teknologia albisteak

'Tako' produktu grafikoa Donostiara iritsi da deialdi ireki batekin

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Iturria, Harrikadak blogetik
2014-07-23 : 08:45
Tako bat 20x20 zentimetroko egurrezko pieza bat da. 4 zentimetroko lodiera dauka. Obra grafiko bat darama inprimatuta: argazki bat, irudi bat, artelan bat. Bilbon sortu eta Zarautzera hedatu ondoren, Tako Donostia jaio da. Iniziatibaren atzean Garoa Kultur Lab eta Estudios Durero daude, eta deialdi ireki gisa planteatzen da lantzamendua Donostian: 5 argazki bidali behar dira uztailaren 28rako.


(Mikel Iturriaren Harrikadak blogetik hartua haren cc-by-sa lizentziari esker)

Lehen puntako marka bat da Tako inpresio munduan. Museo del Prado, Thyssen-Bornesmizsa (Madril), Arte Ederren Museoa (Bilbo) bezalako erakundeekin aritzen dira lanean. Ekainaren erdialdean bilera bat izan nuen Garoa Kultur Lab eta Estudios Dureroko kideekin (Garoakoen eskutik baitator Donostiara Estudios Durerok bultzatutako Tako proiektua). Ez da erraza hitzetan kontatzea zehatz-mehatz zer den, baina ni ezagutzen banauzue ez naiz motoak saltzezalea eta ordubeteko bilera hartan oso itxura ona hartu nien guztiei.

Zer da Tako bat?

Tako bat 20x20 zentimetroko egurrezko pieza bat da. 4 zentimetroko lodiera dauka. Obra grafiko bat darama inprimatuta: argazki bat, irudi bat, artelan bat.

Tiradak murritzak dira (500 bat alekoak, gehienez ere). Katalogo batean agertzen zara eta katalogo horretan erosleak eskatutakoan egiten da pieza, zenbakitua. 30 euroko prezioa dauka (kasu batzuetan, 40 bat euro) eta egileak portzentaje bat poltsikoratzen du.

Bertako artistekin lan egitea gustuko dute. Baina ez da edozer gauza agertzen katalogoan. Kontatu zidatenaren arabera, batzorde artistiko batek erabakitzen du zer atera eta zer ez. Adibide negatibo gisa: ez eskatu zure ezkontzako argazkiekin tako bat egitea. Ez da hori kontzeptua.

Zeintzuk dira?

Esan bezala, Estudios Durero enpresaren egitasmoa da. Kontatu zidatenez, egoitza nagusia Zamudion duen 70 langileko enpresa da. Bi hitzetan esateko inpresio digitalaren alorrean aritzen da, punta-puntako teknikak erabiliz. Beraien webgunean sartuz gero, ikusiko duzue izen handiko markak, kultur erakunde eta artistekin aritzen direla lanean.

Non daude?

2013an abiatu zen proiektua. Sareaz gain (Tako), denda bat dute Bilboko Alhondigan eta beste bat Zarautzen.

Une honetan Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Madrilgo Museo del Prado eta Thyssen-Bornesmizsarekin aritzen dira lanean, baita BBK Live jaialdiarekin ere.

Tako Donostiaren deialdia

Donostiako argazkilari profesionalei (zentzu zabalean) bost argazki aukeratzeko eta WeTransfer bidez beraiei bidaltzeko deialdia egin dute. Epea uztailaren 28an amaitzen da.

Jatorrizkoa: Mikel Iturria, Harrikadak, cc-by-sa.

Erantzun

Sartu