Teknologia albisteak

Ertzaintzaren Euskararen Erabilera Plana aurkeztu zaie sindikatuei

Erabiltzailearen aurpegia
Eusko Jaurlaritza - Irekia
2014-07-16 : 16:25
Segurtasun Sailak Ertzaintzaren historiaren lehenengo Euskararen Erabilera Plana aurkeztu die sindikatuei, euskal gizarteari polizia-zerbitzu elebiduna emateko erronkari begira. Aurkezpenaren ostean, erakunde sindikalen ekarpenak jasotzeko epea ireki da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Estefanía Beltrán de Heredia sailburua buru izanik, Ertzaintzaren historiaren lehenengo Euskararen Erabilera Plana aurkeztu die sindikatuei gaur goizean, euskal herritarrei polizia-zerbitzu elebiduna emateko erronkari begira. Hauek dira Segurtasun Sailak 2015erako Planean bildutako neurriak: urteko euskalduntzerako aurrekontua handiagotzea, urtero euskara ikastaroak egiteko liberatzen diren ertzainen kopurua igotzea, 2015etik aurrera kopurua 80 eta 100 artekoa izango da (egun 25 dira), eta plan espezifiko bat sortzea agenteek euren lana euskaraz egiteko gai izan daitezen.
 

«Orain dela gutxira arte eta urte askoz, Ertzaintzaren oinarrizko lehentasuna euskal biztanleen bizitza, eskubideak eta oinarrizko askatasunak zaintzea izan da. Orain, etorkizuneko Ertzaintzak hurbileko polizia-zerbitzua eskaini behar du, euskal gizartearentzat gertuagoa dena; horretarako, Ertzaintzak gai izan behar du euskal herritarrekin nahi duten hizkuntza ofizialean aritzeko», gogorarazi du Segurtasuneko euskal Sailaren titularrak.

Administrazioaren eta Zerbitzuen sailburuorde Iñaki Gurtubaik gaur 103. Mahaian aurkeztu duen 2014-2019 aldirako plana Ertzaintza berriaren ibilbide-orria da euskararen gaian. Egun, 2.652 ertzainek PL1 maila bermatuta dute (Europako Erreferentzia Markoaren B-2 mailarekin bateragarria), eta 171 ertzainek PL2 maila bermatuta dute (Europako Erreferentzia Markoaren C-1 mailarekin bateragarria); horiek dira Ertzaintzaren euskalduntze-prozesuaren araudian biltzen diren bi profil bakarrak.

Planak azpimarratzen du Ertzaintzaren unitateak sailkatu egin behar direla hiritarraren zerbitzu zuzenaren mailaren arabera eta unitate bakoitzaren inguru sozio-linguistikoaren arabera. Sailkapen hori oinarrizkoa da zehazteko zein unitatek eta ertzain-etxek duten lehentasuna bertan lan egiten duten ertzainak euskara ikas dezaten liberatzeko orduan.

Planak erabilera-irizpide hauek biltzen ditu: hizkuntza ofizialak, itzulpenak, euskararen sustapenerako ekintzak eta hizkuntza-irizpideak kontratazioan, informatika-tresnetan eta barruko eta kanpoko komunikazioan.

Ertzain liberatu gehiago

Bost urteko planak bere ekintzen artean euskara ikasteko liberatutako ertzainen kopurua igotzea dakar. Egun 25 dira; 2015. urtetik aurrera, Segurtasun Sailak euskara ikasteko ikastaroetara 80 eta 100 pertsona bitartean joan daitezela nahi du.

Gainera, 2015eko hasieran, Segurtasun Sailak prestakuntza-plan espezifiko bat abian jarriko du, «trebakuntza» izenekoa, nahi duten eta hizkuntza-maila duten ertzainek euren lana euskaraz egin ahal izatea errazteko eta bultzatzeko. Horretarako, prestakuntza jasoko dute eta aldizkako laguntza izango dute helburu hori duen pertsonalaren bitartez (trebatzaileak), informatika-tresna eta material egokiez gainera.

Horretaz gain, Segurtasun Sailak aurreikusten du 2015ean euskarari zuzendutako aurrekontua bikoiztu egingo dela.

«Azken urteetan Ertzaintzak urrats batzuk egin ditu gure herritarrei zerbitzu elebiduna eskaintzeko. Orain polizia zerbitzuaren jarraikako hobekuntzan jauzi kualitatibo bat egiteko gai gara», esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak. Gainera, Planaren barruko ekintza positiboen abaniko zabala azpimarratu du, bere lana euskal biztanleek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean egingo duen Ertzaintza sortzea helburu duena.

Jatorrizkoa: Eusko Jaurlaritza, Irekia, CC-by lizentzia.

Erantzun

Sartu