Teknologia albisteak
1

Txantxiku 1: Sekula ez zen ikurrina halako garaieran egon

Erabiltzailearen aurpegia
Goiena.net, cc-by-sa
2014-06-16 : 15:26

12 neska-mutiko oñatiarrek, zenbait elkarteren laguntzarekin (Oñatiko Gaztelekua, Ilatargi Astronomia Taldea, Gasteizko La Otra Mitad astronomiaren zabalkunderako taldea eta Bizkaiko Astronomia Elkartea), Txantxiku 1 izeneko zunda zeruratu zuten estratosferaraino larunbatean. 35 kilometroko altueraraino iritsi zen txantxiku edo igelaren panpina (ikurrina, kamera eta guzti), eta hiru orduren buruan, jausi zen, baina berreskuratu dute. (Jatorrizkoa: Eneko Azkarate, Goiena.net, hango cc-by-sa lizentziari esker hona ekarria.

 

Mahatsondoen artean, Bianan (Nafarroa), agertu zen zapatuan panpinazko txantxiku astronauta. Eguerdian zeruratu zuten Oñatitik (Gipuzkoa)  eta haizeak eroan zuen Euskal Herriko beste muturrera. 14:00etan hartu zuen lur. Bidaia goi-goitik egin zuen txantxikuak, estratosferaraino helduta, eta bideo kameraz grabatu zuen. Bideoan duzue ikusgai hiru orduko bidaia, hiru minutuan laburtuta.

Txantxiku I ipini diote izena proiektuari eta Oñatiko hiru ikastetxeetako DBHko neska-mutikoek hartu dute parte. Proiektuko beste kideak izan dira Oñatiko Gaztelekua, Ilatargi Astronomia Taldea, Gasteizko La otra mitad astronomiaren zabalkunderako taldea eta Bizkaiko Astronomia Elkartea.

12 neska-mutiko oñatiar aritu dira buru-belarri, egubakoitzean, prestaketa eta zeruratzeko lanetan, eta zapatuan, txantxikuak lur hartu ostean, jaso eta etxeratzean. Gazteengan zientziarekiko arra sartzeko modu bat izan dela diote bultzagileek, horien artean Manu Agirre Ilatargi taldeko kideak.  

Oñatiko Errementari plazatik

Txantxikua barruan zeukan zunda, 11:39:29an zeruratu zuten Oñatiko Errementari plazatik, Manu Arregik kontatu duenez. Abiatzeko unean 100 bat lagun zeuden plazan. Zunda azkar-azkar zeruratu zen, 5 metro segundoko abiadurarekin. Haize arina zegoenez, Aizkorriko mendilerroa aise gainditu zuela kontatu du Arregik.  "11:52:10ean, Arantzazuko santutegitik 400 metro ekialdera zegoen, baina 3.973 metroko altueran" dio. Lizarrarantz abiatu zen handik eta Zalduondo parean 9.892 metroko altuera hartu zuen.

35.000 metrora

Zundarekin kontaktua galdu zuten Antzin inguruan, Nafarroan, 18.277 metroko altueran, eta haizeak mendebalderantz eroan zuen orduan. Toloñoko mendilerroa, Meano inguruan, 13:40ean zeharkatu zuen 9.200 metroko altuerarekin, eta 14:00etan lur hartu zuen Bianatik gertu, mahatsondoen artean. "Uste dugu hartu duen altuerarik garaiena izan dela 35.000 metrokoa" dio Arregik. Guztira, bi ordu eta 22 minutu egin zituen zeruan Txantxiku I zundak.

Zeruratu aurreko prestaketa lanak Oñatin, zapatu eguerdian; behean, Bianatik gertu, txantxikua lurreratu zen tokian, Oñatiko gaztetxo kuadrilla.

Jatorrizkoa: Eneko Azkarate, Goiena.net, cc-by-sa.

Erantzunak

2014-06-17 : 11:15

Zein esperientzia interesgarria eta ederra! Zoriontzekoa bene-benetan!
Bada ere honako beste esperientzia bat: Izar Galatik egitasmoa. Zunda estratosferikoa ere, Hirukide ikastetxeko ikasleek Jabi Luengo irakaslearekin garatua. Lau urtez jarraian egin dute. Aurten laugarren zunda garatzen ari dira. Aurreko urtean Urdaibaiko Big Centerretik bidali zuten eta 28.000 metroko altuera hartu zuen zundak.
Zeruak zehartzen dituzten egitasmo apartak.
https://www.youtube.com/watch?v=2F_TpzCuM7c
https://www.youtube.com/watch?v=YdR6Kbz12Fw

Erantzun

Sartu