Popcorn Time, joko aldatzailea zinean
Beste jokalari bat agertu da Torrent-en eremuan, eta ez edonolakoa: Popcorn Time, aplikazio bat pelikulak ikustekoa, baina orain artekoak baino dezente garatuagoa. Berau erabilita, sekula baino errazagoa eta bizkorragoa da filmak ordenagailuan ikustea, azpidatzi eta guzti. Kim Dotcom dago ekimen horren atzean, garai bateko Megaupload webguneko jabea eta gaur egungo Mega egitasmoaren bultzatzailea.

Oraingoan Kim Dotcom-ek azpiegitura dotorea antolatu du, alegia, eraginkorra, bizkorra eta txukuna. Behin Popcorn Time ordenagailuan instalatuta, piztu egin dugu, probatzeko. Gure harridurarako, leiho dotore bat agertu zaigu pantailan, eta bertan azken orduko pelikularik ezagunenak. Bat aukeratu dugu, eta bertan klik eginda, aplikazioak 40 bat segundo behar izan ditu estreaminga hasi eta pelikula pantailan agertarazteko. Probatzearren, ingelesezko azpidatziak jarri dizkiogu (film bakoitzak azpititulu sorta bat darama, baina ez beti bera; eta, oraingoz, euskara ez da bertanj agertzen), eta konturatu gara azpidatzien letra tamaina ere handitu edo txikitu dezakegula, nahieran. Filma primerako kalitatean ikusi dugu, bat ere etenik gabe.
Popcorn Time honek arrakasta baldin badu, aldatu egin lezake zinearen panorama, sekula ez da-eta hain erraza izan halako film sorta handia hain erraz eta musutruk eskuratzea. Orain ikusi egin behar jokalari handiek nola hartzen duten desafio hau, hau da, iTunes, Netflix, zine konpainia handiak eta SGAE modukoak.
Erantzunak kargatzen...