Teknologia albisteak

Kimuak 2014, deialdia

Erabiltzailearen aurpegia
Kimuak
2014-03-01 : 14:30
KIMUAK egitasmoaren 2014ko ediziora film laburrak aurkezteko epea datorren larunbata, martxoaren 1etik  maiatzaren 30era bitartean egongo da zabalik.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin antolatutako programa honek euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Horretarako, zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko den katalogo bat argitaratuko da.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2013ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehena- gotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoizpen-etxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.com webgunean egongo dira eskuragarri.

Erantzun

Sartu