Teknologia albisteak
1

Poio, testu prediktore librea, euskarara ere egokitua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2013-12-26 : 11:15
Poio zenbait hizkuntza gutxiturentzako garatu duten testu prediktore bat da. Euskaraz ere badabil. Irudiko esaldiari erreparatuta pentsatuko duzu ezetz, baina ez da hori kontua.
Testu prediktoreak aplikazio mugikorretan ikusten dira batik bat, eta bi eratan "profezitatzen" dute testua: berba bat hasten duzunean, nola amaituko eskaintzen dizute zenbait auekrarekin, eta berba bat idatzita dagoelarik, hurrengoa zein izan daitekeen ere proposatzen dizute. Tekla ukitu lasterren bidez, horrela, idazketa azkartu eta erraztu egiten da.

Aproba egin dezakezue webgunean, Poio.eu: aukeratu Basque/euskara eta hasi idazten. Pantailako aukerak, funtzio teklekin osatuko zaizkizue. Goian irten zaigun esaldia pentsatu gabe idatzi dugu: "Nik" sakatu dugu, eta gero F1 aukera sakatzeari ekin diogu sistema begizta batean sartu den arte. Horrek ez du esan nahi sistema txarto dabilenik: berba bakoitzaren amaiera edo ondorengo probableena ematen dizu, baina jakina, esaldiak erabiltzaileak osatu behar ditu, eta beti F1 sakatuta ez da modua.

Orain arte, tresna bakarra ezagutu izan dugu honelakoa, Swiftkey, ordainpekoa eta teknologia itxia. Horrekin alderatuta, Poio software librea da, Python lengoaian garatua, eta API batekin dator (dokumentazioa / Github biltegia). Baina gauza bat da teknologia eskuragarri eta aske izatea, eta beste bat aplikazioetan edo telefonoaren ohiko teklatuan integratua egotea. Ez dakigu, egia esan, urruti ote gauden ala ez Poio euskaraz mugikor batean benetan erabiltzeko aukeratik.

Portugalgo ikertegi batean garatu dute Poio, CIDleS delakoan, Vera Ferreira, Rita Pedro eta Peter Boudak. Poio hainbat hizkuntza gutxitutan garatu dute, horien artean txetxeniera, korsikera edo friulera.

Erantzunak

2013-12-26 : 23:06

Oso itxura ona du zerbitzu honek. Institutuan LibreOffice-ren hitz-osatzea (Tresnak->Autozuzenketaren aukerak->Hitz-osatzea) egokitzen dugu idazteko arazoak dituzten ikasleen kasuan baina api hau askoz aurrerago doa. Nabigatzailean Poio.eu orrian testua idatzi, kopiatu eta behar den tokian itsatsi. Probatu behar dugu.
Eskerrik asko.

Erantzun

Sartu