Donostiako
BCBL zentrotik laguntza eske gatozkizue. Azken hilabeteetan gaixotasun neurodegeneratiboen inguruan ikerketan dihardugu, hizkuntza ezberdinak jakin eta erabiltzeak Alzheimerra bezalako gaixotasun gogorretan eragina duen jakin nahiean. Horretarako,
65-85 arteko pertsona boluntarioak nahi ditugu, probak egiteko.
BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) zentroa Innobasque, Ikerbasque, UPV-EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin sortutako kognizioaren, burmuinaren eta hizkuntzaren ikerketarako disziplina arteko nazioarteko ikerketa-zentroa da.
Zoritxarrez oso ohikoak dira Alzheimerra eta halakoak gure inguruan, guztiok dugu halako gaixotasun neurodegeneratiboren bat izan duen edo duen gertukoren bat, eta badakigu ikerketan egiten den edozein aurrerapausu funtsezkoa izan daitekeela pertsona hauen egoera hobetzeko bidean. Orain gutxi emaitza oso interesgarri eta itxaropentsuak argitaratu dituzte izen handiko mundu osoko hainbat zentrok, eta gure proiektuak bultzada handia emango lioke iker-lerroari. Horregatik dugu hain ezinbesteko zuen laguntza.
Itxura batean, oso harreman estua omen dago hizkuntza bat baino gehiago jakin eta erabiltzearen eta Alzheimerra bezalako gaixotasunen lehen sintomen artean. Hau da, pertsona elebidunek gaixotasun neurodegeneratiboak saihesteko babes-ezkutu moduko bat omen dute, eta beraz sintomak beranduago agertzen omen dira, elebakarrekin konparatuz.
Zertan ari gara BCBLn? Zergatik behar dugu zure laguntza?Oinarrian, pertsona elebakar eta elebidunen artean ea benetako aldea dagoen ikertzen ari gara, jakiteko ea elebitasunak benetan halako arazoak (hondatze kognitibo arrunta zein patologikoa) arintzeko edo saihesteko babes-ezkutu gisa lan egiten duen. Horretarako, honako ezaugarriak dituzten pertsonen bila ari gara:
- 65-85 urte bitartekoak, gaixotasun neurodegeneratiboen sintomarik ez dutenak
- Elebakarrak (gaztelerazkoak) ala elebidunak (euskara-gaztelerazkoak)
BCBLko beste edozein parte-hartzailek bezala, adineko pertsona hauek ere proba errazak egingo dituzte, erresonantzia barruan zein kanpoan. Proba hauekin pertsona heldu elebakarren eta elebidunen arteko aldea ikusi ahal izango dugu, bai jarreran, eta baita garunean ere, erresonantzia magnetikoak ahalbidetzen dizkigun irudien bidez.
Saioa Donostiako Miramongo Teknologia Parkean dagoen BCBL zentroan egingo da, eta goiz oso bat irauten du.
Mesedez, saia zaitezte ikerketa honek duen garrantzia ulertzen, eta zein ezinbestekoa zaigun zuen laguntza, pertsona heldu elebakar zein elebidunen kopuru polita lortu nahi badugu. Beraz, interesa dakiokeen edonori mezua zabaldu eta guregana bideratzea eskatzen dizuegu, ez soilik euren ongizatea, baizik eta ondorengo belaunaldiena ere jokoan baitago. Aurrerapausu handia eman dezakegu. Interesatuek 943309300 zenbakira dei egin dezakete, izena emateko edota probaren inguruko informazio zabalagoa jasotzeko.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu aldez aurretik, zientziari egiten diozuen ekarpenagatik. Elkarrekin pertsonak nola zahartzen garen pixkanaka ulertzea lortuko dugu, zahartzaro erosoago bat bizi ahal izateko. Finean guztiok izango gara heldu egunen batean, eta inor ez dago gaixotasun neurodegeneratibo hauetatik salbu. Ikaragarri eskertuko dizuegu laguntza, eta ziur eurek ere bai.
Erantzun
Sartu