Teknologia albisteak

Garraio gastuak kontatzeko metodoak: sareko 'calculette' bat, ala matematika paper eta axotarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2013-09-05 : 14:46
Garraio publikoa norbearen autoa baino askoz merkeagoa dela adierazteko datu batzuk zabaldu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailburuak. Gaur Berria egunkariko irakurle batek benetako datuekin erantzun dio, sailburuak emandakoa baino askoz ere garestiagoa irteten zaiola berari autobusez lanera joatea.
Ana Oregi sailburuaren datuak:
  • 8 kilometroko joan-etorria autoz, 840 euro urtean
  • 8 kilometroko joan-etorria autobusez edo tranbiaz, 141 euro urtean
Irakurlearen datuak:
  • 6 kilometroko joan-etorria, Bizkaibus txartela erabilita, 402,8 euro urtean
Hona hemen Rolan E. Gonzalezen gaurko gutuna, eta atzoko sailburuaren datuen berri ematen duen albistea. Berriako albiste hori zabalago dago Irekian (Jaurlaritzaren albistegia), eta han zenbaki berberak ematen dira, baina iturria ere zehazten da, Frantziako erakunde publiko baten kalkulagailu bat da.

Hor goian Calculettte-ak zer ematen duen 8 kilometro horiekin, sailburuak emandako datuak hain zuzen ere.

Baina izatez, nonbait erabilera libreko txartel baten kostua hartzen du kontuan kalkulagailua autobus edo tranbiarako, 80 kilometroko ibilbidearekin ere garraio publikoa berdin kostatzen baita: 141.50 euro. Zuzena ote da hori?


Argazkiak.org | Calculette, lana 80 km-ra © cc-by-sa: sustatu

Beste kalkulu bat ere egiten du Gonzalezek bere gutunean. Kilometroko kostua Bizkaibusekin edo autoan.
  • Bizkaibusekin, kilometroko 31 zentimo.
  • Autoz, irakurleak aipaturiko FleetData ikerketaren arabera, kilometroko 24 zentimo.

FleetData izeneko ikerketa horren bila jardunez gauza gehiagorekin egin dugu topo. Datuok 2009tik bueltaka dabiltza sarean, eta ez dakigu egokitu behar ote diren. Hemen laburpen bat, adibidez.

Ez dirudi kostua gasolina edo bidesariekin erlazionatua dagoenik, autoak ibilgailu gisa duen balioaren eta erabilpenaren arteko ratioa dela gehiago iruditu zaigu (baina ez gaude oso seguru, eta aseguruak eta zergak ere kalkulutik kanpo daudela ematen du.

Autoaren gastuak kalkulatzeko beste datu batzuk eman izan dituzte Consumer aldizkariak edo IDAE institutu espainiar publikoak.

Distantziaren arabera gasolinan edo bidesarietan gastatzen denaz gain, autoa bera edukitzeagatik urteko 2.000 euroko gastua kontuan hartu behar da, datu horietatik ondorioztatu daitekeenez.

Laburtzeko, garraio publikoaren gastuan, duda barik irakurleak du arrazoia eta ez sailburuak; autoz joatekotan, auskalo.

Erantzun

Sartu