Teknologia albisteak

Euskara sustatzeko diru-laguntza gehienak esleitu ditu dagoeneko Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia
Eusko Jaurlaritza
2013-08-05 : 12:18
Denbora laburrean. Diru-laguntzen deialdiak zabaldu eta bi hilabete eta erdiko epean, uztailaren amaierarako, esleituak ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2013 urteari dagozkion diru-laguntza gehienak. Aurreko urteetan bost hilabetean egin izan den lana denboran erdira jaitsi eta ahal bait arinen egin da aurten, onuradunek lehenbailehen izan ditzaten eskaturiko diru-laguntzak euren proiektuetarako erabilgarri. Euskararen sustapenerako Jaurlaritzak egiten dituen bost deialdietara ia 10 milioi (9.984.300 euro) bideratu dira 2013an, eta horietatik %82 (8.191.300 euro) dagoeneko esleitu dira.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurrekontuan beherakada izanik ere, diru-laguntza deialdi bat ere ez du bertan behera utzi aurten. Bost deialdiak mantentzen ditu Sailburuordetzak. Are gehiago, Euskarazko Hedabideen deialdiak, pisurik handiena duen eta diru laguntzen %45 banatzen dituenak, iazko kopuru berberari eusten dio: 4.875.000 euro guztira.

Hauek dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak dagoeneko erabakita dituen diru-laguntza deialdiak, eta bakoitzaren kopuruak:

Euskalgintza deialdia

Eguneroko gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko burutzen diren ekimenak laguntzen ditu diruz deialdi honek. Hauen artean aurki daitezke aisialdian nahiz kirolean euskararen erabilera bultzatzen duten egitasmoak, euskalduna ez den mundua euskarara hurbiltzea bilatzen dutenak, etorkinen integrazioa euskararen bidez sustatzeko egitasmoak, irakurketa sustatzen duten ekimenak, euskararen familiako transmisioa helburu duten ekimenak edo euskarazko jostailu eta jokoak, besteak beste. 135 egitasmo lagundu dira diruz aurten, eta orotara 972.000 euro banatu ditu deialdi honek.

Hedabideen deialdia

Euskaraz argitaratzen edo ari diren egunkari, aldizkari, irrati, telebista nahiz Internet bidezko hedabideen lana laguntzen du diruz. Diru kopururik handiena jasotzen duen deialdia da hau, 4.875.000 euroko partidarekin, eta iazko ekitaldiarekin alderatuta ez du murrizketarik izan. Kopuru hori, honela banatu da multzoka:

Euskara hutsean argitaratzen diren egunkarientzako 1.820.000 euro bideratu dira. Sei egunkariren artean banatuko da laguntza hori, baina Berria egunkariak jasoko du guztien artean kopururik handiena: 1.510.180 euro jasoko ditu Andoainen egoitza duen agerkarik (egunkari horren eskualdeetako edizioei dagokien laguntza zenbatu gabe).

Paperean argitaratzen diren aldizkarien artean berriz, 59 argitalpenek jaso dute diru-laguntza, guztiak ere euskara hutsean argitaratuak. 1.841.500 euro dira orotara aldizkarientzat. Musika, zientzia zein naturari buruzko agerkari espezializatuak aurki daitezke 59 horien artean, haur eta gazteei zuzendutakoak, bai eta informazio orokorreko herri aldizkariak ere.

Oso-osorik edo programazioaren zati batean euskaraz diharduten irratiek ere jaso dute laguntzarik. Orotara 227.000 euro banatuko dira uhin bidezko zabalkundea duten lau irratiren artean.

Euskarazko telebistentzako diru laguntzak (500.500 euro) eta Internet bidezko hedabideentzakoak (485.000 euro), irail-urrian erabakiko dira.

EBPN-ESEP deialdia

Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta mankomunitateetan euskararen normalizaziorako planak onartzeko, edo Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta ESEP garatzeko laguntzak banatzen dira deialdi honen bidez. 2013ko deialdian honako jarduera hauek lehenetsi dira laguntzak jasotzeko: eskola ordutegitik kanpo eta aisialdian euskararen erabilera sustatzen duten jarduerak, euskara eta euskal kultura etorkinei eta euskaldunak ez direnei hurbiltzen dietenak, familia bidezko transmisioari begirakoak, edo helduen artean euskararen erabilera sustatzen dutenak (Mintzalaguna), beste zenbait jardueraren artean. 163 toki-erakundek aurkeztutako egitasmoek jaso dute laguntza 2013an, guztira 1.385.500 euro banatuz.

LanHitz deialdia

Euren lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotu nahi duten enpresa pribatuak laguntzen ditu diruz deialdi honek, helburu hori gauzatu dezaten. 179 enpresaren proiektuak eta euskara planak babestu dira aurten, 1.944.800 euroko laguntza banatuz.

 Informazioaren eta Komunikazioaren teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko IKT deialdia berriz, irail-urrian erabakiko da. 807.500 euro bideratuko dira aurten euskarazko webgune berriak sortzeko, lehendik badirenetan zerbitzu edo eduki berriak garatzeko, edo Interneterako aplikazio berriak sortzeko, telefono mugikorretakoak barne.

 Gasteizen, 2013ko abuztuaren 1ean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago