Teknologia albisteak

Gizartearen inplikazioa eskatuko du .eus domeinuak: 5.000 domeinu beharko dira, urteko 25/30 € inguruan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2013-06-22 : 12:16
Puntu .eus domeinua lortu ondoren, ekitaldi instituzional eta ospakizuna izan zen atzo Bilbon. .eus domeinuak erosteko nondik norakoez ez zen asko argitu, baina PuntuEus Elkarteak FAQ edo galde-erantzunen atal bat jarriko du bere webgunean laster, ahal bada datorren astean. Dena den, aurreratu daiteke euskal gizarte osoaren inplikazioa beharko duela kontu honek. ICANN erakundearen aurrean egindako egitasmoaren defentsan, gutxieneko 5.000 domeinuren kudeaketa aurreikusi zuen PuntuEus elkarteak, ekimena bideragarri izan dadin. Prezioen aldetik, .com edo .net generikoak baino garestiago ere izango da .eus domeinu bat izatea, 25 eta 30 euro artean urteko, .cat domeinuen prezioan, gutxi gora-behera.
Bilboko EHUren Bizkaia eraikinean izan zen atzoko ekitaldia. Ordezkari instituzionalak izan ziren bertan, nabarmenenak Iñigo Urkullu lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia. Baita Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta beste zenbait. Horien artean hitz egin zuten Urkullu lehendakariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, PuntuEus Fundazioko patronatuaren izenean Joan Mari Torrealdaik, eta Iratxe Esnaolak, PuntuEus elkarteko koordinatzaileak. Ruper Ordorika ere azaldu zen eta Egin kontu kantatu zuen.

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen bere hitzaldian Eusko Jaurlaritzak erabiliko duela .eus, ahal bezain azkar. Horrez gain, euskalgintzako eta teknologia alorreko zenbait lagunen topaleku bilakatu zen ospakizuna. Zein domeinu zehazki ez zuen esan, baina bat baino gehiago hartuko dituztela pentsatuko da. Gaztelaniaz ere esan zituen hitz batzuk, eta horietan "GobiernoVasco.eus" argiago aipatu zuen. Gaur egunean Eusko Jaurlaritzak Euskadi.net eta Ej-Gv.es domeinuak erabiltzen ditu nagusiki. Lehena Interneteko webgunerako, bestea e-posta eta komunikaziorako. .es hori ez da Patxi Lopezen gobernuaren heredentzia, 1990eko hamarkadatik datorren gauza bat baizik. Kontu hauek EJIE informatika enpresa publikoak eramaten ditu Jaurlaritzarentzat, eta haiekin bideratu beharko du exekutiboak .eus-en ezarpena. EJIEko ordezkaririk ere bazen ekitaldian, hain zuzen ere.

Domeinuen inguruko jakinmina igarri zen ekitaldian. Bideo bat erakutsi zuten, zeinean zenbait izen .eus-ekin agertuz joan ziren, Eitb.eus, Musikazuzenean.eus, Twitter.eus... Azken horrek zalantzazkoa dirudi (oraingoz), baina bideoak iradoki zuen Sustatu.com bihurtuko dela Sustatu.eus. Bai, gure esku baldin badago, segurutzat eman dezakezue. Izan ere, Sustaturen eta sustatuzaleen eta gizarte osoaren babesa beharko du ekimenak. Ekimena eutsigarria izan dadin termino ekonomikoetan, 5.000 domeinu beharko dira gutxienez. Eta prezioen aldetik, lehiatu beharko dira merkatuan merkegaoak diren aukerekin. Horra taula bat:



Ikusten duzuen bezala, .cat domeinu bat .com edo .es bat baino garestiagoa da. Pentsa daiteke .eus ere prezio horren inguruan egon daitekeela, edo 25-30 euroen artean. .cat-aren ondoan dagoen ohartarazpen zeinu horiak adierazten du baldintza jakin batzuk bete behar direla domeinu hori hartzeko. Hain zuzen ere, .eus domeinuaren baldintza bertsuak izango dira, katalanez/euskaraz egotea edukia gutxienez edo kulturaren ingurukoa izatea.

Detaile gehiago, hurrengo egunetan PuntuEus elkartearen webgunean. Ikusiko du Yodak ea Yoda.eus hartzerik izango duen ala ez. Eman zuten bideoa ere jarriko dutela esan ziguten.

Argazkia: Eusko Jaurlaritza, Irekia, Creative Commons aitortu CC-By

Erantzun

Sartu