Sustatu logoa Teknologia albisteak

Youtubeko ordainpeko kanalak iraultza izan daitezke ikus-entzunezkoen banaketa eta kontsumoan

Sustatu
2013-05-10 13:58
Google/Youtube-ren iragarpen ofizialean diote kanalen harpidetzak dolar batean (0.99) direla, baina ez da horrela zehazki. Ematen du bakoitzak bere prezioa ezar dezakeela. Disponibilitatea ere, geografikoki antolatzen da. Horra topatu ditugu kateetako batzuk:
  • CubaPlay TV. Telebista kubatarra, ez dakigu benetan Kubakoa ala Miamikoa, baina badirudi AEBetan hilean 5 dolar ordainduta lor daitekeela. Ezin da Euskal Herritik ikusi.
  • Digital Theatre. Hau ere ezin da hemendik ikusi, eta prezioaz ez dugu argibiderik aurkitu. baina a ze nolako aukera: antzerki britainarra grabatzen dute definizio handian, eta hortxe dituzu antzezlanak, gaurkoak eta klasikoak, ikusteko moduan.
  • Es.Tv hau ikusi daiteke Euskal Herrian. 1.5 euro da harpidetza. Izatez, kanal multzoak ere badaude, eta hori honako multzo honetan sartua dago.
  • Goiko irudikoa, inspirazio edo ikasketerako hizketaldiak direla ematen du, Big Think Mentor.

Badirudi ordainpeko Youtube honek eskainiko duela, streaming zerbitzu bat erraz antolatzeko tresna bat, inolako gorabehera tekniko barik, Filmin edo Netflix-ek bezalako bat ia edozeinek antolatzeko moduan: igo materiala Youtubera eta egina. Eredu ekonomikoa izan daiteke, pentsatzekoa denez, ordainketaren komisioa hartzen duela Google/Youtubek. Zenbateko portzentaiaz ez da informatu oraingoz, eta zerbitzua edukitzeagatik beste ostatatze gastu batzuk ba ote dauden ere ez da jakinarazi. Kanalak irekitzea oraingoz ez dago edozeinen esku. Nola irekiko den aukera ere ez dago argi.

Youtubeko ordainpeko kanalak

Ikus-entzunezkoak ekoitzi eta banatzeko modu berri bat has daiteke sistema honekin. Dokumental ekoizle batek, adibidez, zer modu zuzenagorik monetizatzeko filmak, zerbitzu honetan jarri baino? Ez da da benetako euskarazko telebista pribatu posible batentzat bidea halako eskema bat? Beranduegi-ren etorkizuna, agian?

Ikusleen aukeraren aldetik ere, pentsa antzerki ingelesa gustatzen zaizula. Ordaindu euro pare bat hilabete baterako, eta ikusi Digital Theatre-ko artxiboa 30 egunez. Gero, jarraitu dezakezu ikusteko ea ze ekoizpen gehitzen duten, edo besterik gabe eten harpidetza, baina ikus-entzunezkoen kontsumo legala, merke eta eskuragarri, ezin errazago eta erakagarriagoa bihur daiteke.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu