Teknologia albisteak
2

Timothy Doner, 23 hizkuntza ikasi dituen gaztea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2013-05-03 : 14:43

Timothy Doner gazte iparamerikarra izar bihurtzen ari da azkenaldian. Ez da abeslaria, ez aktorea, ez Jackashen jarraitzailea..., baina bere bideoek milaka (milioika) bisita dituzte Youtuben. Izan ere, Donerrek 23 hizkuntza ikasi ditu oso epe laburrean, eta "hiperpoligloten" ikur bilakatzen hasi da. Bera moduko beste hainbat ere badaude munduan, baina Donerrek badu ezaugarri bereizgarri bat: 17 urte besterik ez ditu eta institutuko ikaslea da. Azken 3-4 urteotan 23 hizkuntza ikasi ditu bere kasa.

Orain dela 3-4 urte hasi zen Timothy Donerren abentura. Israelgo musikak liluratuta, eta Ekialde Hurbileko politikaz interesatuta, hebraiera ikasten hasi zen. Haren ostean arabiera etorri zen, laster farsia, paxtuera... eta Afrikako zein Asiako beste hainbat hizkuntza. Horrela, 23 hizkuntza ikasi arte (22 gehi lehendik zekien ingelesa).

Goiko bideoa 16 urterekin grabatu zuen (20 hizkuntza mintzatzeko gauza zenean). Orain 23 dakizki, munduko mutur guztietakoak: ingelesa, frantsesa, alemana, italiera, gaztelania, holandesa, errusiera eta kroaziera; hausa (Nigeria), wólofa (Senegal eta Ganbia), isiXhosa (Hegoafrika) eta swahilia (Kenia); turkiera, yiddisha, hebraiera eta arabiera; paxtuera (Afganistan eta Pakistan), persiera edo farsia (Iran), hindia, txinera eta indonesiera; eta ojibwe hizkuntza (Ipar Amerikako hizkuntza natibo zabalenetako bat).

Doner bere kasa hasi zen hizkuntzak ikasten, beste poliglota honen bideoak animatuta. Eta webgune honek ere asko lagundu omen dio ikasketa-prozesuan. Hortik aurrera, liburuak hartu eta, batez ere, ahalik eta gehien praktikatu, parean zuen edonorekin. Skype laguntza paregabea izan omen zaio, mundu osoko lagunei esker, baina bere bizileku den New York multikulturala ere leku aproposa da hango eta hemengo jendearekin elkartu eta edozein hizkuntza praktikatzeko. Ondorengo bideoan azaltzen du orain arteko nolabaiteko "ibilbidea":

Poliglotak (eta hiperpoliglotak)

Munduko herrialderik gehienetan nahiko arrunta da herritarrak eleanitzak izatea; hizkuntza bakarra baino, bizpahiru ezagutzea. Ez da hain arrunta, ordea,  laupabost edo hortik gora ezagutu eta mintzatzea. Poliglota esan ohi zaio gaitasun hori duenari; are hiperpoliglota ere, seitik gora hitz egiten dituenari. 

Neurolinguistek egindako ikerketen arabera, badirudi gizaki batzuek askoz gaitasun handiagoa dutela hizkuntzak ikasteko. Burmuinaren funtzionamendua ezberdina dela, gainontzeko herritarrekin alderatuta. Adierazpen artistikoetarako gaitasun berezia duten gizakiak dauden bezala (margolariak, idazleak, musikariak...), hizkuntzak ikasteko "jaiotakoak" ere ba omen dira. Nahiz eta, ikerketa guztien arabera, lagungarria den umetatik hizkuntza bat baino gehiago ikastea, nagusitan ere ikasketa-prozesua errazagoa izan dadin.

Timothy Doner ez da kasu bakarra, noski. Historian zehar hiperpoliglota asko izan dira, horietako batzuk aski ezagunak. Jean-François Champollion (1790-1832) filologo frantsesa, esate baterako, Erroseta Harria deszifratu zuena (10 hizkuntza ezagutzen omen zituen); edo Nikola Tesla (1856–1943) zientzilari serbiarra (8 hizkuntza ondo mintzatzen zituena); baita J. R. R. Tolkien (1892–1973) idazlea eta filologoa ere, ia dozena bat hizkuntza ezagutu eta hitz egiten zituena.

Gaur egun ere badira hiperpoliglotak munduan barrena. Besteak beste Alexander Arguelles, 36 hizkuntza irakurri eta mintzatzeko gai dena. 

Horrelakoetan zailena hastea omen da. Animo!

Erantzunak

2013-05-05 : 12:34

Ez dit inongo inbidiarik ematen, ez daki ez Euskaraz ez Esperantoz!! bah!!

2013-05-05 : 14:01

23 hizkuntza jakingo ditu, baina badaki ezer interesgarririk esaten?

Erantzun

Sartu