Teknologia albisteak

Udaberria Sanagustin Kulturgunea - Egitaraua

Erabiltzailearen aurpegia
Sanagustin Kulturgunea
2013-04-11 : 19:25
Azpeitiko Sanagustin kulturgunea udaberrian zuhaitzak bezala hazi eta loreztatu egingo da. Kolorea emango diogu kulturguneari urtaroarekin adostasunean jartzeko eta bidelagun izango ditugu Euskal Herriko kulturgintzan puntan dabiltzen antzezle eta abeslari/taldeak. Puri-purian daudenak guztiak; batzuk herriz herri jendaurrean dabiltzanak areto guztiak betetzen eta beste batzuk beraien lanak ateratzear eta bira hastear daudenak. Beraz, eguzkia berotzen hasten denerako Sanagustinek ekitaldi freskoak ditu eskaintzeko ('freskoa' eta 'labea' elkarren ondoan jarrita sortzen den kontraesana barkatuko didazue, baina esan ohi den gisan, labetik atera berriak diren lanak ditugu eskaintzeko).
Sanagustineko zuhaitzak lehen hostoa ernaldu zuen joan den asteburuan. GARI izan genuen. Legazpiarrak martxoan arigataratu zuen 'Ez da amaiera' diskoa aurkeztu zuen, Miguel Moyanoren laguntzarekin (informazio gehiago eta argazkiak: www.sanagustinkulturgunea.net-en). 

Bigarren eta hirugarren hostoak sortzen hasita daude eta zabaltzear dira. Itxura ederra dute, izugarri polita:

Batek Iparraldeko zuztarrak ditu. KALAKAN iparraldeko taldearen kontzertua izango dugu zapatu honetan bertan (apirilak 13). Disko berria prestatzen ari dira, datorren hilean aurkeztuko dutena, eta haren aurkezpena egingo digute —lehengo astean eman zituzten lehen bi kontzertuak aretoak betez eta gurean joko dutena izango da hurrena—. Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau hirukotearen ahots eta perkusioen arteko ezkontza zuzenean entzungo dugu. Haien aurretik beste proiektu berri bat ezagutuko dugu. Jon Besagainen Izaki Gardenak. Apustu poperoa egin du, arrakasta izan duen 'Sagarroia' kantua bitarteko. Kasu honetan, ordea, taldea utzita bakarka arituko da, hori ere egiten baitu, Izaki Gardena izenpean —ez da akats bat, berak bakarrik jotzean 'pluraleko '-k' kentzen baitio izenari—.

Besteak, itxura alaia du. Igandean (apirilak 14) izango dugun ' POTTOLA' antzezlanaz ari gara. Arrakastaz, urtarriletik herriz herri dabilen obra da, Neil Labutek idatzia. Lur Korta, Aitor Fernandino, Joseba Usabiaga / Egoitz Sanchez eta Ainhoa Garai aktoreek antzezten dute eta gorputzaren eta honen gainean sortzen diren prejuizioen gainean datza; itxuraz eta itxurakeriaz.
 
Baina udaberria luzea da eta gure zuhaitza apaintzen joango da hosto bikain eta handiekin. Adibiderik garbienak dira, batetik, DELOREAN eta bestetik EÑAUT ELORRIETA. Zarauzko DELOREAN taldeak martxoan atera behar zuen diskoa, baina atzeratu egin zaie eta oraindik estudioetan dabiltza azken ukituak ematen. Ez galdetu gehiago, ordea, ez baitakigu. Dena oso ezkutuan daramate, baita diskoari zein izen jarriko dioten ere. Dakiguna da pare bat kontzertu solte eman dituztela Texas-en eta Madrilen eta kanta berriak aurkezteko erabili dituztela. Baina hori baino garrantzitsuagoa den beste hau ere badakigu: Primavera Sound, Sonar, BBK eta halako jaialdi erraldoietan jotzen hasi aurretik Azpeitian izango direla apirilaren 27an, eskaintzen duten musika dantzagarriarekin. Eta diskoaren sekretu batzuk ezagutuko ditugula, kanta berri batzuk behintzat joko dituztelako. Eta EÑAUT ELORRIETAK 'Deserriko kantak' diskoa argitaratuko du maiatzaren erdialdera eta haren birako bigarren kontzertua izango da Sanagustin kulturgunekoa. Maiatzaren 25ean, hain zuzen. Ken Zazpi taldeko abeslariak bakarkako ibilbidea zer den probatuko du

Horiez gain, Reggae gaua eta honen baitan, besteak beste, 12 TRIBUren disko berriaren aurkezpen kontzertua eta Asier Hormaza, Sara Cozar, Kandido Uranga, Iñake Irastorza eta Mikel Laskurain aktore kontsagratuen ' EMAZTEGAIAREN SEMEA' antzezlana era izango ditugu. Maiatzean biak.
 
Beraz, udaberri bikaina izango dugulakoan gaude eta non freskatu badela. Gainera, honekin lotuta urte hasieran martxan jarri genuen beste eskaintza bat daukagu: KULTUR BONOArena. Kontzertua hauek guztiak —eta urtea bukatu arte egongo direnak— doan ikusteko aukera dute kultur bonoa eskuratzen dutenek; antzerki hauek —eta etorriko direnak— %50eko deskontuarekin ikustekoa eta beste hainbat abantaila 52€tan dagoen kultur bonoaren trukean (langabetu, gazte eta ikasle txartel jabeek eta erretiratuek 39€tan). Merezi duenik ezin uka, jakitun izanik, zuhaitzak emankor izaten jarraituko duela.   

Informazio guztia Sanagustin kulturgunearen webgunean.

Erantzun

Sartu