Teknologia albisteak

Euskal enpresen artean telebista plataforma bat sortzeko proiektua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-12-26 : 11:38

Ikus-entzunezkoen eta IKTen sektoreko euskal enpresek telebista sozial bat sustatuko dute. Eusko Jaurlaritzak Etorgai programaren bidez ko-finantzatuko proiektu honen bidez telebista plataforma bat sortu nahi da, onlineko ikus-entzunezko edukiak sortu eta administratzeko.

Ekimen hau 2010ean hasi zen eta 2013an amaituko omen da, telebista soziala funtzionatzen hasten denean. Ibermática, Gizerbitek, Ibercom,Telbask, Arista, Eleka, Irusoin, Sonora, Orio Produkzioak eta Mixer bezalako enpresek parte hartzen dute Gaia eta Eiken klusterrek sustaturiko proiektu honetan.

Enpresa horiek azken buruko erabiltzaileari zuzendutako 2.0 teknologia berrien garapenean lan egiten dute eta baita ere bideo transmisioaren eta ikus-entzunezko edukien automatizazioaren inguruko teknologien ikerketan.

Plataformak aukera emango du erabiltzaileen materiala kontsultatzeko eta biltegiratzeko, eta erabiltzaileek, enpresek, erakundeek nahiz banatzaileek ikus-entzuneko edukiak sortu eta administratu ahal izango dituzte Sarean; horretarako, ikastetxeetan, ospitaleetan, kirol-guneetan edo kongresu nahiz ekitaldietan kokatutako pantaila pribatuen sareak sortuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak Etorgai programaren bidez ko-finantzatu du proiektua. Etorgai programaren helburuetako bat da estrategikoak diren teknologiak integratzea eta oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berriak sortzea, euskal produkzio-ehunaren posizioa hobetzeko IKTen arloan eta enplegua sortzen laguntzeko. Esan bezala, ekimen honen bidez plataforma bat sortuko da kostu baxuko telebista bat kudeatzeko.

Erantzun

Sartu