Ruper ere harrituta bere kantuaren erabilpenarekin
Orain arte gertatutakoa gogoratzearren: ETBk 19 legebiltzarkide jarri ditu kantuan Gabon gauean emitituko duen Euskal Kantuen Gaua saioa, (ikusi bideoa EITB webgunean). Hautatutako abestia, Ruper Ordorikaren: "Zaindu maite duzun hori".
Oso minduta idatzi zuen Berrian Jon Eskisabelek Gorroto duzun hori artikulua. "Euskaldunon Egunkariaren itxierarekin lotuta dagoen kantua" baita Zaindu maite duzun hori. Aritz Galarragak Hori suertia zutabea sinatu zuen ondoren, eta parlamentarietako batek, EH Bilduko Xabier Isasik, Euskaldun izatea zein gogorra den apuntea argitaratu zuen bere blogean.
Hori guztiori ikusita, Mikel Iturri blogariak galdera bota zion Ruperri: Zer dio Ruperrek?
Gaur goizean etorri da abeslariaren erantzuna, gorago aipatu bezala. Besteak beste, hauxe dio: Ez dut uste inor ni baino gehiago harrituko zenik telebistan Zaindu Maite Duzun Hori zenbait parlamentariren ahotan entzutean. Labur esateko, gaur arte inork ez dit baimenik eskatu, eta susmoa dut aurrerantzean ere ez didatela eskatuko.
Erantzunak kargatzen...