Teknologia albisteak

Gerrako umeei aitormena abenduaren 20an Eibarren

Erabiltzailearen aurpegia
Eibarko Udala
2012-12-14 : 09:33

Gerra Zibileko ebakuazioetan Eibartik atzerrira ihes egin behar izan zuten haurrei aitormenezko ekitaldia egingo zaie abenduaren 20an Eibarko udaletxean. Berrehundik gora neska-mutil izan ziren. Ekitaldia goizeko 11etan hasiko da: ikus-entzunezkoa, argazki-albuna, eta musika izango dituzte. Gainera, egun horretan bertan erakusketa bat ere zabalduko da Eibarren, gerrako ume haiek eta euren senideek utzitako argazkiekin.

Frantzia, Belgika, Erresuma Batua eta Errusia: horiek izan ziren 1937an gure herriko umeak hartu zituzten herrialdeak. Ume gehienak itzuli egin ziren, batzuk lehenxeago, beste batzuk urte asko kanpoan igaro ondoren. Bertan bizitzen geratu zenik ere bada. Haietako batzuk gure artean ditugu, beste batzuk betiko joan zaizkigu.

Hori dena gogora ekartzearren, abenduaren 20an  Eibarko udaletxean ekitaldi bat izango da, Badihardugu Elkartea, Kezka dantza taldea eta Herriko Musika Eskolaren laguntzarekin. Goizeko 11etan,  Herriko Musika Eskolaren emanaldia, alkatearen berbak, umeek eurek edo euren lagunek utzitako argazkiekin osatu den Umien Albuna eta "Eibarko Gerrateko umeak. Hárek umiak" ikus-entzunezkoa izango dira.

Badihardugu elkarteak landu duen ikus-entzunezko horretan azken urte honetan grabatu diren umeen esanak (Nieves Acha Garmendia; Jesusa Astigarraga Carral, Roberto Altuna Iriondo,  Alicia González Acha, Jose Antonio González Acha; Roberto Marcano Magunacelaya; Jose Mari Oyarzabal Landa; Juan de los Toyos Garay;  Juana Unzueta García eta Begoña Zaldibar Oyanguren) eta lehendik egindako grabazio zahar batzuetan zeudenen testigantza ahaztezinak (Margarita Murguizu, Javier Echeverria Eguren, Jose Ocamica Clementi) batu dira.

Ondoren, umeen ohorezko aurreskua izango da, Kezkaren eta herriko "Usartza" txistulariekin.

Erakusketa

Abenduaren 20tik urtarrilaren 20ra bitartean erakusketa esanguratsu bat izango da kalean bertan, Untzaga inguruan: ume haien nondik norakoaren berri aditzera emango duten argazkiak izango dira ikusgai  eta, batik bat, jende ororen jakingai eta erakusgarri. Umeak kalera aterako dira, sekula atera behar ez ziren kale haietara bueltatuko dira.

 

Argazkia: Ume taldea Errusian, tartean Ernesto Larreategui eibartarra. Carmen Larreategui Vega de la Iglesiaren bilduma. 

Erantzun

Sartu