Teknologia albisteak

Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia
Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua
2012-12-03 : 14:06

Gaur abenduaren hirua da, eta data honetan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu urtero. Euskarari buruzko aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko egun aproposa izatenda, euskara gure hiri eta herrietako kaleetan eta mundu zabalean entzun nahi dugulako. Denok dakigu zer suposatzen duen euskarak gure kulturan, gure historian eta gure bizitzan. Denok dakigu zenbat aurreratu dugun elebitasunean azken urteetan. Eta, aldi berean, denok dakigu oraindik bide luze bat urratu behar dugula euskarak bere geroa eta erabilera ziurtatuko dituen lekua lor dezan gure gizartean.


Euskara gero eta ozenago entzuten da nazioartean. Gure idazleak, gure artistak, inoizbaino gehiago ari dira munduan beren ahaleginen emaitzak ezagutarazten. Gure indarrak apalak dira, bai, baina kalitatean gora ari gara etengabe, eta gure mugetatik kanpo lortzen ari garen aitortza horren lekuko da. Bideak ireki ditugu, munduko komunikazio-kanaletan txertatzen ari gara euskara bera ere, eta horrek ikusgarritasuna ematen digu, hiztun-komunitate gisa munduratzeko ahalmena.

Gaur, hala ere, atzerrira begiratzearekin batera, barrura begiratu nahi nuke, gure gizarteari erreparatzeko, gure gizartearen barnean gertatu diren aldaketak nabarmentzeko. Gaurko euskaldunak ez dira duela hogeita hamar urtekoak bezalakoak. Euskara etxetik kanpo ikasi dugunak gero eta gehiago gara; gizarteak ahalegin handia egin du euskara hedatzeko. Garaia da aitortza ez ezik omenaldia ere egiteko urteetan euskara ikasi dutenei edo ikastensaiatu direnei, beren lan itzelagatik. Omenaldia baita ere –euskararen aldeko politikekin bateginik– haurrak eredu elebidunetan eskolaratu dituzten gurasoei, euskararen aldeko beren atxikimendurik gabe ezinezkoa izango zelako egin den bidea. Eta aitortza, nola ez, euskara lehen hizkuntza izanik erabiltzen jarraitu duten guztiei, ikasi dutenekin batera euskararen mosaiko anitza osatzen dutelako. Denei esker herritarrok euskara hurbilago, atseginago, erakargarriago sentitzen dugu orain. Urte hauetan euskarari egin dioten ekarpena ez dugu sekula behar bezala eskertuko, baina garbi dago haiek gabe, haien borondatea eta prestasuni kgabe, gaur ez ginela egongo gauden egoeran. Gure euskal gizarteak izan du guztiaren giltza, eta aurrerantzean ere hala izango da.

Etorkizunari orainaren talaia berritu eta itxaropentsu honetatik begiratzen diogula, konbentzituta nago euskararen garapenean aurrerapauso sendo gehiago emango ditugula, adostasunez, neurriz, guztion laguntzaz eta guztion onerako. Geroak esango. Mila esker.

Blanca Urgell
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua

Erantzun

Sartu