Teknologia albisteak

Eusko Jaurlaritzak BIKAIN, Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu ditu Gasteizko Europa Jauregian

Erabiltzailearen aurpegia
HPS Munduoro
2012-11-23 : 16:32

Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Nuria Lopez de Gereñu Confebask-eko idazkari nagusia izan ziren atzo BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagirien banaketa-ekitaldian. Orotara 28 erakundek jaso dute ziurtagiria; horietatik 9k goi-mailako urrezko BIKAIN egiaztatu dute; 12k tartekoa den zilarrezkoa eta 7k oinarrizkoa (zerrenda osoa PDF honetan). Lurralde banaketari dagokionez, berriz, erakunde horietatik 9 Bizkaikoak dira, 18 Gipuzkoakoak eta 1 Arabakoa. Horiek guztiak hartuta, 2.100etik gora dira bertan lan egiten duten pertsonak. Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 88 kidek burutu dituzte.

150 pertsonatik gora elkartu ziren atzo Gasteizko Europa Jauregian egin zen BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, BIKAIN Ziurtagiria eskuratu duten erakundeetako ordezkariak, Ebaluatzaile Klubeko kideak, enpresaburu zein kooperatiba-elkarteen goi-ordezkariak, euskal kulturgintzako ordezkariak, eta baita administrazioetako, alderdi politikoetako nahiz sindikatuetako ordezkariak ere.

Bikain Kanpo-Ebaluazioak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, eta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzera daude zuzenduak.

Hori horrela, aurten parte hartu duten erakundeek dagoeneko jaso dute ebaluazio-txosten bana beren indargune nahiz zer hobetuen berri zehatza ematen diena, lortutako puntuazio eta horren araberako ziurtagiriarekin batera; hori guztia, lan-ibilbide desberdinetako ebaluatzaile talde batek egina.

BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria ofiziala, publikoa eta doakoa da, eta hiru maila hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa edo Bikain beltza (200 puntu gutxienez); Tarteko maila edo Bikain zilarra (400 puntu gutxienez) eta Goi maila edo Bikain urrea (700 puntu gutxienez).

Atzoko ekitaldian ziurtagiria jaso zutenen artean, ohi bezala, orotariko enpresa eta erakundeak zeuden: industrial nahiz teknologikoak, zerbitzuetakoak, asistentzialak, garraioetakoak, hezkuntzakoak, aholkularitza-alorrekoak nahiz administraziokoak. Horiek guztiek egiaztatu dute garapen-maila bat edo beste euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketan.

BIKAIN kanpo-ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan egin ohi diren, eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste.

Ebaluatzen diren alorrak honako hauek dira:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo-harremanak
  • Barne-harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kideek egiten dituzte era altruistan, eta gaur egun badira 320 profesional parte hartzen dutenak, lan-sektore askotarikoak, baita eskala ezberdinetakoak ere, zuzendaritza-mailakoetatik hasi, tartekoekin jarraituz eta maila ohikoagoetaraino.

BIKAIN Ereduari jarraiki 121 ebaluazio egin dira guztira 2008an lehen aldiz ezarri zenetik eta gaur egun arte. Bost edizio horietan parte hartu dutenen artean daude, besteak beste, CAF, Elay, Fagor Taldeko hainbat kooperatiba, BBK, Kutxa, Ipar Kutxa, Osakidetzako hainbat eskualde, Gipuzkoako Foru Aldundia, ITP edota Mondragon Unibertsitatearen zenbait fakultate.

BIKAIN Ziurtagiria, Eusko Jaurlaritza eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioaren arteko elkarlanaren emaitza da, eta CONFEBASK, SEA, CEBEK, ADEGI, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren atxikipena du, baita EAEKo hiru Foru Aldundiena, Euskaltzaindia nahiz EUDELena ere.

BIKAIN Ziurtagiriari buruzko informazio gehiago izateko, ikus atzoko ekitaldiaren laburpena PDF honetan, edo ikus ondorengo webgunea: www.euskalit.net/bikain

Erantzun

Sartu