Teknologia albisteak

Google TV Ipar Euskal Herrian, bihartik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-11-12 : 11:18

Bihartik aurrera, azaroaren 13a, Google TV zerbitzuak (filmak, musika, apps-ak...) Estatu Batuetatik kanpoko telebistetan ere erabili eta erosi ahal izango dira. Erabiltzaile berri horien artean izango dira Ipar Euskal Herriko biztanleak, zerbitzua Europako 3 estatutara zabaldu baita: Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua

Erraldoi amerikarrak G+ bidez adierazitakoaren arabera, bihartik aurrera Google Play zerbitzuko musika eta filmak Europako zenbait herrialdetan ere erosi ahal izango dira. Oraingoz Frantzia, Alemania eta Erersuma Batua aipatu dituzte, hasiera batean Italia, Espainia, Kanada eta Australia ere zerrendan zeuden arren. Hala ere, abendurako herrialdeen zerrenda zabaldu egingo dela adierazi dute. 

Zerbitzu berriari esker, eta laburbilduz, une honetan Android smartphone eta tableten bidez erabili ditzakegun aplikazio guztiak telebistan ere egin ahal izango dira. Aplikazioak jaitsi, sarean nabigatu, filmak erosi eta ikusi...

Dena dela, merkatuan arazoak ere aurkituko ditu zerbitzu berriak, Google TV erabiltzeko 2 aukera besterik ez baitaude: horretarako prest dagoen telebista berezi bat erostea, SmartTV bat; edo dekodifikatzaile bat erosita. Eta oraingoz Sony telebistek ematen dute aukera hori, bai telebista erosita zein Sony NSZ-GS7 Internet Media Player gailuari esker. Laster GoogleTV izango duen Blu-ray gailu bat ere aurkeztuko omen du marka japoniarrak. 

Eskaintza berritua

Estatu Batuetan martxan jarri zenetik, Google TV zerbitzuaren zabalkundea ez da bizkorra izan, baina poliki-poliki merkatua irabazten joan da eta badirudi mundu osora zabaltzeko urratsak ematen hasi dela. Chrome, Youtube eta GooglePlay norbere telebistan integratuta izateak ate berriak irekiko ditu telebista-kontsumoan, noski.

Orain arte esandakoarekin batera, Googlek beste bi albiste ere iragarri ditu biharko. Hasteko Nexus 4 eta Nexus 10 terminal berriak aurkeztuko ditu (telefonoa eta tableta). Gainera, Google Music zerbitzua ere hainbat herrialdetara zabalduko da (Amazon, Spotify eta iTunes zerbitzuekin lehiatzera datorren tresna berria. 

Googlek jarraitzen du urratsak ematen erabiltzaileei zerbitzu guztiak emateko (eta merkatu osoa konkistatzeko) ahaleginean.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago