Maite Goñi blogariak bideratzen duen "Gaurko hitza" ekimenak 4 urte bete zituen atzo. 1461 hitz, 48 hilabete hauetan. Atzo bere blogean argitaratutako laburpena ekarri dugu Sustatura. Zorionak Maite!
Gaur lau urte bete dira Gaurko Hitza ekimenaren jaiotzatik. Egia esateko, egunak bezalaxe joan dira hitzak bata bestearen atzetik, eta, konturatu orduko, 1.461 hitz. Lau urte!
2. urteurrena ospatzeko, bideoak grabatu genituen. Gogoratzen? Nork bere hitza hautatu eta youtubera igo. Emaitza hementxe ikus dezakezue: ia 100 bideo!
Iaz, 3. urteurrena ospatzeko, Dokan egin genuen hitzordua. Hantxe bildu ginen Gaurko hitzaren hainbat lagun Koldo Martinez, Jon eta Alaia Martin, Igor Calzada, Iban Del Campo, Imanol Murua Uria, Patxi Huarte ’Zaldieroa’, Xabier Euzkitze, Harkaitz Cano eta Anariren hitzak ikusi, entzun eta, batez ere, dastatzeko. Hementxe Luistxoren kronika eta Ibai Zabaleta eta Nahikari Beltzaren bideoa:
Gaurko hitzaren jarraitzaileok dakizuen bezala, igandero bideo bat egiten dut, hitza audioz eta irudiez laguntzeko. Larunbatero, berriz, abesti batetik ateratzen dut hitza eta, ohiko azalpena ematez gain, abesti hori moldatuta, hutsuneak betetzeko ariketa bihurtzen dut.
Bada, gaur, menturaz, bat egin dute Gaurko hitzaren 4. urteurrenak eta 100. abestiak. Kopuru honetara iristean larunbateko abestien ibilbidea amaitzea pentsatua nuenez, amaiera emateko eta, bide batez, 4. urteurrena ospatzeko, abesti guztiak bildu ditut txoko honetan.
Nolanahi ere, 4. urteurrenaren ospakizun ‘ofiziala’ azkenaldian murgilduta nagoen -eta ilusio handia egiten didan- proiektu baten eskutik etorriko da hemendik oso gutxira. Ez da iritsi azaroaren 3 honetarako, baina laster helduko da. Adi, beraz!
Amaitzeko, mila esker guztioi eskainitako babesagatik eta egunero-egunero bidaltzen, eskatzen, iradokitzen, proposatzen, inspiratzen eta oparitzen dizkidazuen hitzengatik. Ea, ba, beste urte bat egiteko gai garen!
Jatorrizkoa: Gaurko hitzak 4 urte (CC-by-sa)
Erantzun
Sartu