Teknologia albisteak

Garagardo azoka Eskoriatzan irailaren 20tik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-09-16 : 16:41

Datorren asteburuan 100 boluntariotik gora arituko dira lanean ostegunetik igandera bitartean (irailaren 20tik 23ra) Eskoriatzan egingo den garagardo festa solidarioa arrakastatsua izan dadin. Batutako dirua Eskoriatzako Zaharren Egoitzarako izango da osorik. Irailaren 20an arratsaldeko 19:00etan irekiko da karpa, eta lau egunez aukera izango da hainbat garagardo mota dastatu eta ukondo eta saltxitxa eder askoak jateko zuzenean arituko diren hainbat artisten emanaldiekin gozatuz.


Argazkiak.org | Garagado azoka Eskoriatzan, irailak 20-23 © cc-by-sa: sustatu

Garagardo festarako karpa datorren astean jarriko da plazan, eta bertan, lau egunez, hainbat garagardo mota edan eta janari gozo-gozoak dastatu ahal izango dira: ukondoa, saltxitxak, brotxetak, patata frijituak eta pintxoak.

Asteburu osorako ekitaldiak prestatu dira: kontzertuak, monologoak... eta baita mus txapelketa ere, igande arratsaldean jokatuko dena. Lau egun horietan parte hartuko duten talde eta pertsona guztiak musu truk arituko dira; eta momentuz, honako hauek baieztatu dute etorriko direla: Igor San Juan eta “Alaitzen” rantxera taldea (azken hauen emanaldiaren ondoren diskofesta izango da).

Gainera, Gabonetako loteria atera da eta salgai dago dagoeneko. Txartel bakoitzak 3 euro balio ditu, horietatik 2 loterian jokatzen dira, eta gainerakoa, egoitzari laguntzeko da.

Eskoriatza Kirol Elkarteak areto futbol hiruko txapelketa antolatu du larunbaterako, hilak 22, Manuel Muñoz kiroldegian, eta bertan jasotako diru guztia egoitzarako izango da. Igandean salgai jarriko den Esko-lotean jasotako dirua ere egoitzarako izango da.

Azkenik, aipatu behar merkatari txikiren batek ere parte hartu gura izan duela egoitzaren aldeko ekimen honetan, eta esate baterako, Txalaparta tabernak txanpiñoi kazola handi bat prestatuko du pintxo ederrak egin eta saltzeko. Lagundu nahi duten herritarrek ere aukera izango dute: nahi duenak, 19:00etatik aurrera, patata-tortillak eraman ahal izango ditu karpara horiekin pintxoak egin eta saltzeko. Tortillak egunero eraman ahal izango dira, igandean izan ezik.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago