Software librearen aldeko Librezale elkarteak udan egindako euskarazko lokalizazio batzuk iragarri zituen duela egun batzuk. Aplikazio horiek dira LXDE eta WriteType (irudian) ordenagailurako dira, eta OpenCart eta Reddit sareko aplikazioak.
Ingelesezko albistegi kolektibo handi bat da Reddit.com, eta orain haren interfazea euskaraz ikus daiteke.
Baina ez hori bakarrik, kode libreko aplikazioa da, eta jaitsi eta zure instantzia propioa ere sor dezakezu, eta aukera hori ere euskaratuta dago. Jendearen iruzkin eta botoekin elikatzen den sistema bat da, erabiltzaileen karmarekin jokatzen duena, hala nola Digg zaharrak, Meneame-k edo bere garaian Zabaldu.com-ek egiten zuen bezala. Reddit.com-en kontua aldez aurretik sortua bazenuen, eta logeatuta agertzen bazara, ez duzu euskaraz ikusiko, hobespenetan egokitu beharko duzu. Logeatu gabe egonda, edo besterik gabe bisitatzen baduzu, nabigatzailea euskaraz baduzu, euskaraz ikusiko duzu.
OpenCart online denda bat sortzeko aplikazio bat da. Produktu fisikoak zein fitxategi deskargagarriak saltzeko aukera ematen du. Badditu berekin albiste boletin bat, opari txartelak, produktu itzulketarako sistema bat, bidalketa eta ordainketarako era ezberdinak. Horretaz gainera komunitate aktibo batek garatutako luzapen ezberdinekin osatu daiteke denda. Denda eleanitz bat martxan jartzeko hizkuntza berriak gehitzearekin nahikoa da.
LXDE GNU/Linux eta BSD sistemetarako mahaigain ingurune arin bat da, errekurtso gutxiko ordenagailu zaharretarako egokia. Mahaigain hau modu lehenetsian dituzten banaketaren ezagunenak agian Knoppix eta Lubuntu dira.
WriteType, aplikazioaren webgunean diotenez, ikasleei idazten ikasteko balio duen aplikazioa da. Hala ere, testu-editore modura ere erabil daiteke, hainbat laguntza eskaintzen baititu testuak ongi idazteko.
(artikulu honetako testu eta irudi batzuk, Librezale.org webgunetik hartuak dira, hango lizentziari esker, cc-by-sa)
Betiko zuzenketa: Librezale ez da elkarte bat, lantalde ireki bat baizik. http://librezale.org/wiki/Zer_da_Librezale
@Librezale -k lan ederra egiten darrai. Mila esker.