Kerobia taldea, boluntario bila
Supernova proiektu berrian lanean dabil buru belarri Kerobia taldea. Ekainean lortu zuten apirilean martxan jarri zuten crowdfunding-a, eta gauzak bide onetik badoaz, lan berria abenduaren erdialdean aurkeztea da helburua. 800 pertsona baino gehiagok eman dio babesa dagoeneko Supernovari, eta orain bestelako gonbita luzatu diete nafarrek azken lana burutzeko laguntza eman dietenei. Mezu bat bidaltzen duten lehenengo lauak, Kerobiakoak lanean dabiltzan Lorentzo Records estudiotara joan (Berriz, Bizkaia) eta grabatuko duten DVDan agertuko dira.

CD luze bat, proiektuaren edukien liburuxka bat, muralaren zati bat eta proiektuaren DVDak osatuko dute Kerobia taldearen Supernova lanaren pack-a. Hain zuzen, azken horretan, DVDan, parte hartzeko gonbita luzatu diete Kerobia taldeko kideek euren jarraitzaileei. Baldintza bakarra jarri dute horretarako: Supernova proiektua babestu izana. Mezu elektroniko bat bidaltzea nahikoa izango dute (supernova@kerobia.com helbidera), emailaren gaian "parte hartu" idatzita: jasotako lehenengo lau mezuen igorleek lortuko dute.
Irailaren 22an Berrizeko Lorentzo Records estudiotara joan, eta grabaketa lanak zuzenean ikusi ahal izango dituzte irabazleek. Horrez gain, galderaren bat edo beste egingo diete gonbidatuei, eta DVDan argitaratuko dituzte irudi horiek.
Euren blogean argitaratu zutenez, diskoaren grabaketa lanak martxa onean doaz, eta urriaren hasierarako amaitzea espero dute. Pack-a osatzen duten gainontzekoak ere aurrera doaz, pixkanaka.
Nahi duenak oraindik ere badu aukera Supernovara elkartu eta proiektu berriaren ale bat eskuratzeko.
[Argazkia: Kerobia / Grabaketen irudi gehiago]
Erantzunak kargatzen...