Teknologia albisteak

High School-eko zeremoniako hitzaldia gaztelaniaz egin zuen mutilaren kasua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-07-12 : 10:21

Kaliforniako High-school bateko ikasle baten ikasturte amaierako hitzaldia zeresana ematen ari da AEBetan. Saul Tello 17 urtekoak graduazio zeremonio tipiko horietako batean hitz egin behar zuen, gela bakoitzean notarik onenak dituztenek egin ohi duten bezala, eta Tellok gaztelaniaz egin zuen, bere ama-hizkuntzan, batez ere bere familiako guztiek uler zezaten (gurasoak Mexikon jaioak ditu, eta ez dute guztiz menderatzen ingelesa).

Hona kasua Telloren aldeko ikuspegitik aztertzen duen blog batean. Egiazki, Orestimba High School ikastetxean, Kaliforniako Newman herrian, ez zen inolako zalapartarik izan. Ikasleen %75 inguru elebidunak dira gaztelaniaz eta ingelesez, eta hortaz, ulertuko zuten Tellok esandakoa. Gainera, mutilak proposatu omen zuen bi hizkuntzatan egitea, baina eskolako arduradunek esan zioten mozteko, bestela asko luzatuko zela (beste geletako ikasleek ere hitz egin behar zuten, denek ingelesez pentsatzekoa denez). Ekitaldiko inork ez zuen kontrako erreakziorik edo kexarik azaldu zeremonian. Hurrengo urteetan, praktika errepikatzen bada, esku-orrietan hitzaldiak elebitan emango dituztela proposatu omen du eskolak.

Fox telebista kate eskuindarrak gogor egin du kasu hau aitzakiatzat hartuta. Hezkuntza publikoa errekarako bidean doala... Kate horretako Bill O'Reilly fundamentalistak pertsonalki aipatu zuen kasua analisi politikoko bere programan.

Nolanahi ere, desenkusatzek azalpenak ere ematen dira kasu honetan. Saul Tellok argi dio elkarrizketa batean (ikus goiko bideoa, albiste honetatik ateratakoa) inolako zentzu politikorik ez diola eman nahi bereari. Eta hizkuntza eskubideen aldeko Language on the Move blogean ere azpimarratzen dute eleanitza izatea edo gaztelaniaz jardutea ez dagoela korrelazioan AEBak gutxiago maitatzearekin. Badaezpada, gauza batzuk zehaztea komeni dela dirudi, elebitasunaren alde egonda ere.

Erantzun

Sartu