Teknologia albisteak
2

Kultur eremu berria Zarautzen: Sortaldea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-07-05 : 11:46

Sortaldea Kultura Eremua Zarauzko malekoian dagoen gunea da, eta uztailaren 6an zabalduko ditu ateak. Barruko aldean hainbat gune izango ditu, besteak beste, liburuei, erakusketei eta herriko artisauen lanei eskainiak. Kanpoaldean, berriz, irakurtzeko eta margotzeko gunea atonduko dute, eta baita hitzaldi, aurkezpen, kontzertu, bideo-emanaldi eta antzekoetarako agertoki apala ere.


Argazkiak.org | Sortaldea Kultur Eremua, Zarautzen © cc-by-sa: sustatu

Udan zehar, nolabait, literaturarekin, musikarekin, zinemarekin eta sormenarekin lotutako ekimenen erakusleihoa izan nahi du, milaka eta milaka bisitari hartzen dituen lekuan: Zarauzko malekoian. Neguan, berriz, sormenerako, erakusketetarako eta hitzaldi eta aurkezpenetarako gunea izango da.

Beach library edo biblioplaya kontzeptuaren harira, liburuak maileguan emango zaizkio datuak uzten dituen edozeini.
Egunaren amaieran edo hurrengo egunean itzuli beharko da liburua. Era berean, malekoian bertan irakurketa gunea ere sortuko da, nahi duenak liburua Sortaldean hartu eta atarian lasai irakurtzeko.

Estreinako erakusketa Zarauzko baleari buruzkoa izango da. Kantauri itsasoan modu tradizionalean ehizatu zen azken balea izan zen, traineruekin eta arpoiekin soilik. Roke Etxabe zarauztarrak sartu omen zion arpoi hilgarria, eta berari zor dizkiogu baleari buruzko bertsoak ere. Hauek 1878ko kontuak izanik ere, gaurkotasunez betea dago zarauztarrentzat: iazko udan, balea agertu zen Zarauzko hondartzan. Irailaren 16ra arte izango da erakusketa bertan.

Zarauzko Nahia Artisau Elkarteak bere gunea izango du Sortaldean, artisauek egiten dituzten lanak erakutsi eta saltzeko. Arratsaldetan egongo da irekita, 17:00etatik 20:00etara. Artisautzarekin lotutako tailerrak antolatzeko asmoa dute, eta zehazten doazen heinean, jakinaraziko dituzte datak.

Kanpoaldean solasaldiak, film emanaldiak, kontzertuak, tailerrak... antolatuko dituzte udan. Gehienak udaleko Kultura Sailak, Sortaldearen kudeaketaren arduradunek eta artisauek bultzatutakoak izango diren arren, agendan libre dauden egunetan, plaza irekia izango da dagokion liburua, diskoa edo kultur ekimena aurkeztu nahi duten sortzaileentzat.

Azkenik, Sortaldeak liburu denda ere izango du. Lehiaketa publiko bidez esleitu du udalak Sortaldea Kultura Eremuaren kudeaketa, Garoa liburu dendak irabazi du, eta kulturarekin lotutako ekimenak egin ahal izango dituzte udako lanaldia autofinantzatzeko, baita liburuak saltzeko ere.

Informazio gehiago, euren webgunean.

Erantzunak

2012-07-05 : 12:37

Oso interesgarria ekimena, irudimentsua.
Garoa liburu dendak, ziur gauza politak egiten ahal dituela.
Zarautz bisitatu eta argazkiak jarriko ditugu sarean.

2012-07-09 : 14:15

Hona Gari Berasaluzek bere blogean Sortaldea Kultur Eremua ireki zutenean idatzitako artikulua eta zenbait argazki: http://gari2017.wordpress.com/2012/07/06/txikira-beti-hordago/

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago