Teknologia albisteak

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea AEBetan eta Mexikon

Erabiltzailearen aurpegia
HPS - Munduoro
2012-07-04 : 12:21

EAEko Hizkuntza Politikaren berri emateko asmoz abiatu da Lurdes Auzmendi sailburuordea AEBetara eta Mexikora. Bertako euskal etxeetako ordezkariekin biltzeaz gain, Mexikoko hizkuntza indigenek zer egoera duten ere bertatik bertara jakiteko aukera izango du. Bidaiaren lehen zatian AEBetako Nevada estatura joko du, Elko hirira, hain zuzen. Bertan NABOk (North American Basque Organization) urteko batzarra egingo du gaurdanik uztailaren 8ra bitarte.

Lurdes Auzmendi AEB zein Mexikoko ordezkari eta agintariekin bilduko da eta euskarak azken urteetan izandako bilakaeraren inguruan eta eman dituen aurrerapausoen berri emango du.

Bidaiaren lehen zatian AEBetako Nevada estatura joko du, Elko hirira, hain zuzen. Bertan NABOk (North American Basque Organization) urteko batzarra egingo du uztailaren 4tik 8ra bitarte. Ipar Ameriketako euskal etxetako ordezkariak bilduko dira bertan, eta Lurdes Auzmendi sailburuordeak bilkuran parte hartuko du; besteak beste, foro hori baliatuko du azken urteetan euskarak izan duen bilakaeraz hitz egiteko eta Ozeanoaren bi aldeetan dauden euskal herritarren arteko loturak sendotzeko.

Bilkura hori amaituta, sailburuordeak Mexikora joko du. Hala, uztailaren 9an, INALI Mexikoko Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionalean izango da. Bertan, Auzmendik Mexikoko hizkuntza indigenei buruzko informazio zehatza jasoko du. Kontuan hartu behar da, Mexikon 60 hizkuntza baino gehiago hitz egiten direla, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren helburua Mexikoko hizkuntza indigenak suspertzen laguntzeko konpromisoa hartzea da, horretarako bi aldeen artean hitzarmen bat erdietsiz, aurten Kolonbiako Gobernuarekin egin berri duen bezala.

Uztailaren 10ean, berriz, Mexikoko Antropologia eta Historiako Eskola Nazionalean izango da sailburua. Hala, bertako aditu batek Mexikoko hizkuntza politikei buruzko hitzaldia eskainiko du eta, jarraian, Lurdes Auzmendik euskararen, hizkuntzaren normalizazioaren prozesuaren berri emango du, "Europan kasu bakarra dena, eta agian baita munduan ere, eta ziur nago interes berezia eragingo diela Mexikon bilduko diren hizkuntzalari guztiei", adierazi du sailburuordeak.

Amaitzeko, Mexiko hiriburuko euskal etxera joko du sailburuordeak, bertako euskal herritarrekin ere bildu eta hitzalditxo bat eskaintzeko. Loturak estutzeaz gain, euskarak azken urteotan izandako bilakaera eta egungo egoera ere azalduko die euskal etxera hurbiltzen diren guztiei.

Erantzun

Sartu