Tropela Elkarteak Frantziako Tourra 2012 martxan jartzeko prest dago. Ohi bezala, aurretik hainbat lehiaketa antolatu dira, tartean, Euskal Herriko Itzulia, Italiako Giroa eta beste hainbat eta orain, Frantziako Tourraren txanda da. Aurtengo edizioa zortzigarrena izango da; urtez urte parte hartzaileen kopurua igotzen joan da (iaz, 12.739 kiniela) eta aurtengoan, inoizko Tropelik handiena osatuko dugula aurreikusten dute.
Orain arte bezala, parte hartzea doakoa izango da eta parte hartzea internet bidez soilik gauzatu ahal izango da. Pertsona bakoitzak kiniela bakarra egin dezake eta kiniela horretan gustuko dituen txirrindulariekin bere taldea osatuko du. Talde hau osatzeko edota aldatzeko epea, datorren larunbatean, ekainaren 30ean eguerdiko 14:00etan amaitzen da, aurtengo Frantziako Tourra hasten den une berean. Une horretatik aurrera aldaketarik ezingo da egin kinieletan. Parte hartzaile bakoitza osatu duen taldeko txirrindularien arabera puntuak pilatzen joango da, eta metatutako puntu horien arabera erabiltzaileek sailkapen nagusia osatuko dute.
Sariak lortzeko urtetik urtera zailtasun handiagoak zituztenez, eta parte hartzaileek beraien tropeltxoetan apustu edo saritxoak dituztela ikusita, irabazle nagusientzat ez dutela saririk eskainiko aurreratu dute antolatzaileek.
Tropela Elkartearen helburua euskara eta teknologia berriak uztartzea da txirrindularitzarako afizioa aitzakia moduan erabiliz. Hori horrela, euskaldun eta txirrindularitza zale guztiei gonbitea egiten dieteTropela.net proiektua gertutik ezagutzera eta bertan parte hartzera.
Erantzun
Sartu