Teknologia albisteak

Urgarden: esku askok lana erraza egiten dute

Erabiltzailearen aurpegia
Urgarden
2012-06-26 : 15:31

Euskal Herrian zaborraren arazoa, atez ateko zabor bilketa sistema eta errausketa planataren gaiak hizketagai diren honetan, Urgarden proiektuan laguntzera animatzeko deialdi berri bat luzatu nahi zaie Sustatuko irakurleei.

Urgarden Usurbil (2012_06_16) from urgarden on Vimeo.

Urgarden taldeak proposatutako garbiketa auzolanek lehen urte-sasoia beteko dute, eta amaitzeko azken bi garbiketa ekimen antolatu nahi dira: bata Tolosan izango da (ekainaren 30ean), eta beste biak Hernani eta inguruetan (uztailaren 14ean). Ondoren oporrak hartuko dituzte eta udazkenean itzuliko dira.

Martxoaren 10ean egin zen lehen garbiketa Hernanin, eta geroztik, Urumea eta Oria ibaiaren 7 eremu ezberdin garbitu dira. Bi ibaien artean 5 km inguru garbitu direla kalkulatzen da (10 km bi ibai ertzak kontuan hartuz gero).

Zaborraren arazoaren gaia pil pilean dago azkenaldian, eta komunikabide guztietan politikarien arteko tirabirak irakurtzen eta entzuten ditugu egunero. Baina beste alde batetik, talde boluntarioek egiten dituzten garbiketa deialdiak gero eta ugariagoak izaten ari dira. Horrek esan nahi du kontzientziazioa zabaltzen ari dela gizartean, eta elkarlanean lan handia egin daitekeela bistan da.

Urte-sasoia amaitzeko, Urgarden taldeak zertxobait bereziak izango diren bi auzolan ekimen proposatzen ditu:

  • Ekainaren 30ean, Tolosan:
    • Azoka eguna izango da eta garbiketa kiroldegitik hasi eta merkatu zaharrera bitarteko eremuan burutuko da, bi ikuspuntu ezberdinetatik gainera: ontzietan/piraguetan doazenek ibaian bertan garbituko dute eta oinezkoak berriz ibai ertzean arituko dira lanean. Beraz, oinezko boluntarioez gain, ontziak/piraguak dituen edonor auzolanean parte hartzera gonbidatuta dago ere!
  • Uztailaren 14ean, Hernanin:
    • Urgarden proiektua hasi zen tokira itzuliko dira boluntarioak, eta bertan ‘Garbibarbakoa’ bat antolatuko dute. Auzolanaren ondoren, Urgardenen lehen urte-sasoia agurtzeko poteo bat burutuko da Hernanin!

Auzolanean parte hartzeko gonbidatuta zaudete, zuen laguntza behar behar beharrezkoa da! Animatu eta parte hartu!

Urgarden bideoa (Oria ibaiaren garbiketarako auzolana Usurbilen).


Argazkiak.org | Urgarden proiektua © cc-by-sa: sustatu

Erantzun

Sartu