Teknologia albisteak

Nafarroako Mediatekaren webgunea berritu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-06-25 : 11:20

Nafarroaren Euskararen Mediateka, Euskarabidearen proiektua, itxura berriarekin dator. Proiektuaren helburua Nafarroako euskalki ezberdinak bildu, sailkatu eta interesa duten guztientzat sarean eskuragarri jartzea da, eta orain gainera, webgune eraberrituarekin. Ahozko ondarea jasotzen du, hainbat euskarritan, eta leku bakoitzean hitz egiten den euskalkiaren arabera sailkatzen dituzte.

Webgune berria erakargarriagoa eta intuitiboagoa da; hala aurkeztu zuten Euskarazko ahozko ondarearen bilketa jardunaldian, Burlatan. 2003az geroztik dago Mediateka sarean, eta bertsio berrituarekin, zenbait aldaketa egin dituzte, besteak beste, diseinua berritzea, ikus-entzunezkoei tarte handiagoa ematea, sare sozialak integratzea, horrela, komunitatea sortzeko asmoan sakonduz.

Material historikoaz gain, Euskarabideak berak bildutakoa ere aurki daiteke bertan. Horiek guztiak sareratzeko, ikus-entzunezko artxiboak, soinu-grabazioak eta testu idatziak baliatu dituzte. Horrez gain, bilaketak herriaren, euskalkiaren, gaiaren edota bildumaren arabera ere egin ahal dira.

Ez da guztiz askea, erregistratu egin behar baita.

1999an jaio zen proiektua Nafarroako gobernuaren eta Euskal Kultur Erakundearen eskutik; orduan Nafarroako Euskararen Fonoteka izena jarri zioten. Sorreratik, asmo argi bat zuen: Nafarroan urteetan zehar bertako euskarazko ahozko ondarea bildu eta jasotzea.

Erantzun

Sartu