Teknologia albisteak

GaraiONetan zirkolari!

Erabiltzailearen aurpegia
garaion naturartea elkartea
2012-06-21 : 11:18

Kable gaineko zalantza, oreka, marabareak, gorputza, taldea, sormena, auzolana eta musika nahastuko ditugu, besteak beste, uda honetan Otazan. Izan ere, gazteentzat zirko auzolandegiak izango dira aurten lehenengoz Ozaetako auzo honetan.

Uztailaren 5etik 14ra bitartean zirko abilezia euskaraz esperimentatzeko aukera izango dute Euskal Herriko gazteek. 14 urtetik gorako gazteek osatuko dute egonaldi honetako zirkolari taldea. 10 egunez zirkoa eta auzolana aitzakia hartuta mila zaletasun eta esperientzia elkar trukatuko ditugu gau eta egun.

Los Filonautas zirkolari profesional italiarrak izango ditugu irakasle eta euren esperientzia luzeaz baliatuko gara gurea lantzeko, lautadako zirkolari taldea jantzi eta indartzeko. Arratsaldero entrenatuko gara zirko teknika ezberdinak praktikatzeko. Kable gainean ala lurrean? Marabarak ala akrobaziak? Egunero ikusi, ikasi eta bizi! Batzutan bakarka eta bestetan taldean. Herrietako plazak hankaz gora eta buruz behera jarriko ditugu egonaldian sorturiko emanaldiarekin.

Goizetan auzolanean ibiliko gara, euskaldunon kultur ohitura izan dena ezagutu eta eguneratu egingo dugu; sormen lanetan, arte munduan edo ortugintzan jardungo dugu. Gauetan aldiz taldearen proposamenak jaso eta musika, berriketaldi, jolas eta barreak lagun izango ditugula izan ziur!

Gazteentzat 300€ko kostea izango du egonaldi osoak, Aguraingo eskualdeko gazteentzat 110€. Izen emateko deitu 945063245 edo bidali mezu bat garaionaturartea@gmail.com helbidera ekainaren 23a baino lehen.

Zirko gogoa piztu zaizula… zatoz Garaionera gozatzera!

Erantzun

Sartu