Teknologia albisteak

"Eskualduna" astekaria eta Iparraldearen frantseztea

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2012-06-06 : 15:06

Eneko Bidegainek, berau Mondragon Unibertsitateko irakaslea, doktore tesia aurkeztu zuen herenegun Paueko Unibertsitateren Baionako campusean: "Lehen Gerla Mundiala Eskualduna astekarian". Tesiak baieztatu egin zuen ikertzailearen hipotesia, alegia, gerra hartan Eskualduna astekariak parte hartu zuela euskaldunak frantsezteko prozesuan. Tesiak oso ongi aipamena jaso zuen, epaimahaiaren goresmenekin.

P1020941

Eneko Bidegainek, une jakin bat aukeratu zuen bere ikerketa egiteko, Lehen Mundu Gerra, non 6.000 euskaldun hil ziren, eta hedabide bat, Eskualduna astekaria (1887-1944), zeina iritsi baitzen Iparraldean astero 7.000 ale banatzera.

Hiru urtean barrena, Eneko Bidegainek azterketa kualitatiboan oinarritu du bere ikerketa lana, eta horretarako aztertu egin ditu Eskualduna astekariaren editorialak eta gerraren asteroko kronikak, gehienak hiru abadek idatzita (Jean Saint Pierre, Jean Elizalde “Zerbitzari” eta Jules Moulier “Oxobi”) eta baita laiko batek ere (Jean Etxepare medikua). Emaitza: ia 800 orrialdeko tesi bat, era bikainean idatzita, epaimahaikide guztien iritziz.

Ikertzaileak ondorioztatu zuen Eskualdunak Frantziaren aldeko jarrera hartu zuela Lehen Mundu Gerran, eta bere helburuetako bat izan zela euskaldunak aurkeztea soldadu eredugarri eta frantsez on moduan. Aberri handia (Frantzia) eta aberri txikia (Euskal Herria) bereizten zituela, eta hiru zutabetan oinarritzen zuela euskal nortasuna: euskalduna, kristaua eta frantsesa.

Epaimahaia

Bi tesi zuzendari izan ditu Eneko Bidegainek: Josu Txueka eta Xarles Bidegain. Mahaiburua, berriz, Javier Diaz Noci izan zen atzoko ekitaldian. Eta gainerako epaimahaikideak: Aitor Zuberogoitia, Xabier Itzaina, Ur Apalategi eta tesi zuzendariak.

Tesiaren defentsa eginda, epaimahaiak hausnarketa egin eta deliberatu zuen doktore gaia aho batez zoriontzea, eta oso ongi aipamena eskaini zion, goresmenekin. Alegia, Hegoaldean esango genukeen moduan, bikain cum laude. Tesiaren defentsa 30 lagunen aurrean egin zen, tartean ikertzailearen familia eta hainbat lankide nahiz ezagun.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago