Teknologia albisteak

"Kode irekiaren kultura: ezagutzara sarbide librea izateko tresnak", ekainaren 5etik 7ra Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-06-04 : 16:06

Kode irekiaren kulturaren inguruko jardunaldiak prestatu dituzte Gasteizen, Montehermoso Kulturunean, bihartik hasi eta ostegunera bitartean. Jardunaldien xedea herritarrei lankidetzaren, irekitzearen eta denon onuraren filosofia partekatzen duten tresnak hurbiltzea da. Tresna teknologikoetatik hasi, eta lankidetza eta proiektuen finantziazio kolektiboko ekimen zehatzetaraino. Ezagutzarako elkargunea izango da, non iritziak alderatu ahal izango diren hizlari eta publikoaren artean.

Hala hasi dute jardunaldien iragarpena: "Seguruenik jada jakingo duzue zein den Ubuntu hitzaren esanhaia eta ez gara gu izango azaltzera datozenak, baina ideia bat izan dezazun argi adieraziko dizugu, ez zara inor besteak ez badituzu alboan. Eta hori da software librea, guztion artean eta guztion mesederako ekoizten dena, komunitatean hobetu eta eraldatzen dena eta nahi duenak dohan eskuratu dezakeena. Izan ere, zenbat mende beharko ditugu konturatzeko kultura, informazioa edo jakituria ezin ditugula merkaturatu, ez direla inorenak eta guztion beharra daukagula hauek garatzen jarraitzeko".

Gerturatu ezin dutenentzat, jardunaldiak webgune honetan streaming bidez zabalduko direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Egutegia

  • Ekainak 5, 19:00etan: Amaia Maestre Larrad. Montehermoso Kulturuneko Dokumentazio Zentroko arduraduna. Jardunaldien aurkezpena. Daniel Armendariz. Ekintzailea, teknologia libreko berrikuntza-ereduetan aditua, eta SALEko, Eusko Jaurlaritzako software librearen bulego teknikoko, koordinatzailea da.
  • Ekainak 6, 19:00etan:
    • Aitor Lopez de Aberasturi. Dinux proiektuko arduraduna (Diocesanas).
    • Juanan Pereira. Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako irakaslea (UPV/EHU). BabeliumProject hizkuntzen ahozko praktikarako eta elkarrekin lan egiteko kode irekiko aplikazioa.
    • Ainara Perez. Sareguneko arduraduna. Saregune, software librearekin esperientzia Alde Zaharrean.
    • Amaia Maestre Larrad. Montehermoso Kulturuneko Dokumentazio Zentroko arduraduna.
  • Ekainak 7, 19:00etan: Enric Senabre Hidalgo. Community manager eta Goteo.org plataformako lanen arduraduna.

Erantzun

Sartu