Teknologia albisteak

Informazioa eta partehartzea, smartphone-etarako Goiena aplikazioan

Erabiltzailearen aurpegia
Goiena Komunikazio Taldea
2012-06-01 : 17:06

Debagoieneko informazioa jaso, urteak betetzen dituen edo ezkondu egingo den norbait zoriondu, zauden herrian egun horretan ze kultura ekintza dagoen jakin... hori guztia, aurrerantzean, poltsikoko telefono inteligentearekin egiteko aukera izango dute debagoiendarrek. Goiena Komunikazio Taldeak eta Batura Mobile Solutionsek egin dute telefono inteligenteendako aplikazioa, eta doan eskuratu daiteke, bai Apple markako telefonoetarako, iOS sistema eragilea dutenendako, bai Google etxearen Android sistema eragilea dutenendako ere.

Horri esker, beraz, Debagoieneko informazioak eta euskarak beste espazio eta euskarri batera salto egiten dute. Aplikazioa telefonora jaitsi daiteke, Appleren edo Googleren dendatik; eta baita telefonoko nabigatzailearekin m.goiena.net helbidera joanda ere. Goiena.net atarira ere joan gaitezke nabigatzailearekin; kasu horretan, ataria telefonoaren ezaugarrietara egokituko da.

Aplikazioa Batura Mobile Solutions enpresak garatu du, Codesyntaxen laguntzarekin. CodeSyntax-ek aplikazioa eta webgunearen harteko komunikazioa ahalbidetzen duen APIa, sortu du, bien harteko datu-trukea errazteko.


Geolokalizazio bidez

Goienako Interneteko arduradun Usoa Agirrek azaltzen duenez, "orain arte paperera, telebistara eta Internetera egokitu du Goienak bere informazioa. Orain, Interneten beste pauso bat eman du: Smartphonetarako aplikazio berezia egin du". Hala, "Goiena.net-en ohiko atalak ditu aplikazioak: albisteak, herrika eta gaika antolatuta; zerbitzuen atala; parte-hartze atala, hortik zorion agurrak, ezkontzen agurrak, eskelak… bidaltzeko; iritzien atala; eta agenda".

Goienak garrantzia eman gura izan dio agenda atalari, ahalik eta praktikoena izan dadin: Debagoieneko herri bakoitzean zer dagoen telefonotik bertatik eta edozein momentutan kontsultatu ahal izango da, bilaketa batekin, erraz-erraz.

Are gehiago: bilaketa egiteko beharrik ere ez da izango, smartphone-ek izaten duten geolokalizazio sistema erabiliz gero. Agirrek esaten duenez, "Goiena.net-en herrien atalera sartzen garenean, aplikazioak galdetuko digu geolokalizatzeko sistema erabili nahi dugun. Baiezkoa emanez gero, Bergaran bagaude, adibidez, Bergarako albisteak erakutsiko dizkigu".

Azkenik, Goiena telebista eta Arrasate Irratia zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera ere ematen du aplikazioak.

Goiena.net-ek erabiltzaile asko ditu, gero eta gehiago. Eta normalean hura erabiltzen dutenek ez dute inongo zailtasunik izango aplikazioa erabiltzen ikasteko, dio Goienako Interneteko arduradunak. Alderantziz, orain arte egiten zuena erosoago eta agudoago egin ahal izango du: esaterako, telefonoarekin ateratako argazki batekin ilobatxoa zoriondu gura duenak ez du argazkia ordenagailura deskargatu beharrik izango, telefonotik igo ahal izango du-eta Internetera.

Euskarak egon beharra du

Goienaren erronka da "beti euskaraz jardutea, ez bakarrik egunerokoan, teknologia berrietan ere bai. Hortaz, aplikazio hori sortzea, euskaraz, garrantzitsua da", dio Usoa Agirrek.

Euskarazko informazioarendako eta komunikazio zerbitzuendako oso garrantzitsua da euskarri berrietara egokitzea. Datuen arabera, saltzen diren telefono guztien erdiak, dagoeneko, telefono inteligenteak dira, eta Goienaren hedabideak eta zerbitzuak kontsumitzen dituzten debagoiendar askok dagoeneko badituzte teknologia horiek. "Horrek esan nahi du Goiena.net gehiago erabiliko dela eta Goienak egiten duen informazioa gehiago zabalduko dela", dio Goienako Antolaketa arduradun Iban Arantzabalek.

Izan ere, telefono inteligenteak gero eta gehiago erabiltzen dira poltsikoko ordenagailuak moduan, Debagoienean ere bai: "Irakurtzeko esperientzia berriak bilatzen ditu jendeak, eta Goienako bezeroak ere bai. Telefonoetan eta tabletetan, Goiena gero eta gehiago irakurriko da. Telefonoa gauza askotarako erabiltzen du jendeak dagoeneko: QR kodeak irakurtzeko, sarrera erosi eta mugikorraren bidez ikuskizun batera sartzeko, gida turistiko gisa, mp3a jaitsi eta mendi ibilaldia egiteko…", esaten du Iban Arantzabalek. Hainbeste aukera ematen dituenez, "euskarak hor egon beharra dauka", gaineratzen du.

Goienak tokiko informazioa ematen duelako kontsumitzen ditu bere hedabideak jende gehienak. Orain, gertuko informazio hori telefonoan ere izango du.

Batura mobile solutions-ek garatu du aplikazioak eta bertako arduradun Gotzon Arzelusek eman digu poltsikokoetako azken tendentzien berri.

Gero eta erabiltzaile gehiago

Goiena.net mugikorrean izango duten asko, gehienak, Goiena.net-eko orain arteko erabiltzaileak izango dira, izan ere, Goiena.net-en audientzia asko handitu da, eta hilero handitzen jarraitzen du. 2012ko lehen lau hilabeteetan, %31,37 erabiltzaile gehiago izan ditu 2011ko epe berean baino. Erabiltzaile gehien aurtengo martxoan izan zuen: 8.884, hain zuzen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago