Teknologia albisteak

Zer hizkuntzatan mintzo da lan-mundua?

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Aholkularitza
2012-06-01 : 11:06

Eusko Jaurlaritzak ostiralean eman zuen argitara LANHITZ diru-laguntzen 2012ko deialdia. Laguntza hauek entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan 2012an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dira. Testuinguru horretan, 20 urte Euskara planetan jardunaldietan enpresekin elkarlanean landutako hainbat gogoeta partekatu nahi ditugu.

Joan den udazkenean Bilboko Euskaldunan antolatu genituen 20 urte Euskara planetan jardunaldiak. Izan ere, 20 urte bete dira Eusko Jaurlaritzaren babesarekin Elhuyar Kultur Elkarteak lehen euskara-plana abian jarri zuenetik. Lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko lehen saiakera planifikatua izan zen eta Antzuolako Elay enpresan egin genuen, 1991 hartan. Ordutik askotariko hamaika eragilek hartu du bide bera. 20 urteotan, ordea, errotik aldatu da euskal enpresen errealitatea: merkatu globalizatuetan mugitu behar dute, eta, horrenbestez, hizkuntzak kudeatzera behartuta daude. Horren inguruko hainbat hausnarketa jaso ditugu "Zer hizkuntzatan mintzo da lan-mundua?" dokumentuan (behean atxikita).

Duela 20 urte baino gehiago Elay enpresak (Antzuola, Gipuzkoa) euskara plan bat martxan jarri zuen. Lehenengoak izan ziren halako zerbait egiten, eta 20 urte Euskara planetan jardunaldietan enpresa horren ordezkari den Anaje Narbaizak adierazi zuen euskara normalizatzeko lanabesak enpresa batzea lortu duela, eta barrutik sendotu.

Idoia Aldekoa Elhuyar Aholkularitzaren Bizkaiko ordezkariren ustez, euskararen normalizazioari begira, lan mundua euskalduntzea lehentasunezkoa da, estrategikoa.

Euskara planak bultzatu dituzten entitateak identifikatu eta saritzeko bi ziurtagiri daude egun: bata Kontseiluak 2000. urtean eratutako Bai Euskarari, eta bestea, Eusko Jaurlaritzak 2007an sortutako Bikain agiria. Ivan Igartua Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazio zuzendariak, adierazi zuenez, urratsak egiten ari dira, aurrera begira tresna bakarra erabiltzeko helburuarekin.

Zein Hizkuntzatan Mintzo Da Lan Mundua

Jaitsi dokumentua

Erantzun

Sartu