Teknologia albisteak
3

Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedikoa sarean daude

Erabiltzailearen aurpegia
HPS - Munduoro
2012-05-28 : 18:05

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sarean jarri ditu jada Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia. Era horretan, euskara ikasten dutenek beste kontsulta-tresna bat izango dute on line eta euskararen presentzia ere handituko da Internet-en.

Bi helbide horiek kontuan hartu beharko ditugu, hurrenez hurren, Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa sarean topatu nahi baditugu. Paperezko formatuan bakarrik argitaratutako bi lan horien corpusak orain hiru urte eskuratu zituen Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Lanon paperezko bertsioa, azkeneko aldian, 2000-2001 urtean eguneratu bazen ere, Sailburuordetzak 2009an eskuratu aurretik ere, hiztegiko eta entziklopediako oinarrizko datu batzuk gaurkotu egin ziren: Euskaltzaindiak emandako ortografia arauak, Hiztegi Batuan sartutako hitz berriak, munduan izandako aldaketa nabarmenak (herrialde berriak, sona handiko pertsonaia berriak, gertaera berri nagusiak, kontzeptuetan izan diren aldaketa nagusiak) eta abar. Hortaz, eguneratze-prozesu horren ondoren, Lur Hiztegiaren eta Lur Entziklopediaren material hori guztia digitalizatu eta aplikazio informatikoa prestatu da, on line kontsultatu ahal izateko. Corpus hau sareratzearen helburua izan da, alde batetik, euskaraz ikasten duten ikasleei on line kontsultatzeko tresna bat gehiago eskaintzea, eta bestetik, Interneten euskararen presentzia handitzea, eduki digitalizatu gehiago eskainiz.

Lur Hiztegi Entziklopedikoa 1991n argitaratu zen. Kontsultan eskaintzen dena 1990-1995 urte-bitartean paperean inprimaturiko edizioaren hamar liburukiak dira, 49.900 sarrera baino gehiago alegia. Sarrera hauek hiru motatakoak dira:

  • lexiko hutsak, adibidez, gorri
  • lexiko entziklopedikoak, adibidez, tximino
  • eta entziklopediko hutsak. adibidez, Txilperiko.

Lur Entziklopedia Tematikoa, berriz, 1999an argitaratu zen. Entziklopedia orokor baten berezko egitura izanik, Euskal Herriari buruzko bost liburuki eta izaera unibertsaleko gaiei buruzko beste zortzi liburuki ditu.

Euskal Herria:

  1. Historia
  2. Artea
  3. Atlas Historikoa
  4. Geografia
  5. Literatura

Gai unibertsalak berriz:

  1. Artea
  2. Físika, kimika
  3. Geografia
  4. Gizarte zientziak
  5. Historia
  6. Natur zientziak
  7. Literatura
  8. Matematika

Beraz, bakar-bakarrik, paperezko formatuan eskuragarri izan den corpusa digitalizatu da eta, orain, Interneten kontsulta daiteke. Kontuan hartu behar da bi lan horiek aspaldikoak direla eta zeuden-zeudenean eskaintzen direla, hau da ez direla eguneratu ez eta zuzendu ere. Ondo dakigunez, mundua azkar aldatzen ari da eta, alde horretatik, aldatu diren edukiak ez daude landuta gaurko ikuspuntutik. Hortaz, bi ezaugarri horiek aintzakotzat hartu beharko ditu erabiltzaileak kontsultak egiteko orduan. Dena den, gogoratuko dugu, aurten, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Lur Hiztegiko eta Lur Entziklopedia Tematikoko 11.000 artikulu egokitu eta eguneratu dituela Wikipedian argitaratzeko.

Erantzunak

assar
2012-05-28 : 19:59

Lan horietako informazioa Wikipedian sartzeko proiektu bat burutu zen 2011. urtean, Eusko Jaurlaritzak berak sustatua eta ordaindua.


Wikipediak CC-BY-SA motako lizentzia du, beraz proiektuan Lur Hiztegi Entziklopedikotik eta Lur Entziklopedia Tematikotik erabili ziren edukiak Jaurlaritzak CC-BY-SA lizentziarekin askatu zituela ondorioztatzen da.


Albiste pozgarria eta zoriontzekoa da bi lanok modu digitalean kontsultatzea: Hala ere, ez dut lizentziarik inon ikusi, ez bada Jaurlaritzaren webgunearen lizentzia orokorra.


Galdera: har dezaket Eusko Jaurlaritzaren webgunetik Lurreko informazioa eta Wikipedian argitaratu? Orain dagoen bezala, nik ulertzen dut ezetz...


Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
2012-05-29 : 17:46



Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa Opendatan argitaratzeko lanean ari gara. Edukiok, bai Euskadi.net atarian bai eta Opendatan ere CC-BY-SA lizentziarekin argitaratuko dira.



Ondo izan.







Erantzun

Sartu