Teknologia albisteak
1

Flickr-en oraina eta etorkizunaz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-05-22 : 10:05

Azken egunotan Flickr-en heriotzaren inguruko mezuak ugaritzen ari dira sarean. Izatez, ez da gaurko kontua, duela urtebete gutxienez hasi ziren lehenengo argi gorriak pizten. Badirudi Yahook erosi zuenetik, hala baieztatu du Gizmodo webguneak, martxa galdu duela. Ez hori bakarrik, Flickr-en heriotzaz hitz egiten du, eta horren erantzule egin du Yahoo konpainia. Sortu zenetik, erreferentea izan da erabiltzaile arrunt zein argazkilaritzan interesa dutenentzat, eta oraindik izan ere bada askorentzat. Gizmodo webgunearen editore Mat Honanen ustez, baina, Yahook ez du asmatu sare sozial modura zituen ezaugarriak aprobetxatzen, aurretik zituen beste zerbitzu batzuekin integratzen setatzeagatik eta gailu mugikorretarako aplikazioak ateratzen berandutzeagatik, besteen artean.

Etengabeko aldaketen aroan, badirudi laister aterako zaizkiola lehiakideak Flickr-i: 500px webgunea, adibidez. Argazkilari amateur zein profesionalek igo ditzakete euren argazkiak bertan, baita euren lanak zuzenean saldu ere. Flickr-ek ematen dituen aukerarik oinarrizkoenak eskaintzen ditu 500px-ek ere: argazkiak igo, etiketatu, iruzkinak egin, botua eman edo gogokoenen artean gorde, besteak beste. Badirudi ez dituela Flickr-ek eskaintzen dituen komunitate eta foroak, kontaktuen gomendioak, edo argazkiak elkarbanatu edo erabiltzeko aukerak. Baina badu, diotenez, badu portfolio txukunak egiteko modua, eta gero horiek saltzekoa.

Facebook berak min handia egin dio, antza denez, Flickr-i. Gainera, duela gutxi Instagram erosi zuen, gailu mugikorretan soilik funtzionatu arren, sekulako hedapena izan duena hilabete gutxitan.

Askok beranduegi dela dioten arren, badirudi Flickr hobetzeko lanetan dabiltzala Yahoo konpainiakoak: argazkiak azkarrago igotzeko modua eta lekua hartzen ari den Pinteresten itxura imitatzea, adibidez.

Zer gertatuko den? Aldaketak etengabeak diren honetan, ez dugu denbora askorik beharko honek nola bukatzen duen jakiteko.

Erantzunak

Sustatu
2012-05-28 : 13:39

Joxe Arantzabalek ere Yahoo-ren gainbehera dauka hizpide gaurko bere sarrera. Yahooren anabasa aipatzen du, Newsweek aldizkariaren artikulu batean oinarrituta. Lidertza falta, norabide desegokia, pazientzia beharra... "Yahoo ikaragarria da: zulorik beltzenean sartuta ere, beti aurkitzen du modu bat maila bat beherago egiteko".


Erantzun

Sartu