Status Blogsoviet hainbat lagunen artean martxan jarritako mikroblogintza zerbitzua da, StatusNet software librea euskaraz instalatua. StatusNeten, Twitter edo Facebooken bezala, mezuak idatzi, erantzun, birbidali edo gustukoenen artean gordetzeko aukera ematen du. Zerk bereizten du, orduan, besteengandik? Ezberdintasunik handiena, besteek ez bezela, OStatus estandar irekia erabiltzen duela da. Honek sare deszentralizatu ezberdinetako erabiltzaileen arteko komunikazioa ahalbidetzen du, sare bakoitzean kontu berri bat irekitzen ibili beharrik gabe, mezu elektronikoetan gmail domeinuko kontu batetik hotmaileko beste batetara mezu bat bidal daitekeen bezela.
Twitter eta Facebook sare erabilienek OStatus protokolorik erabiltzen ez dutela kontuan izanda, hauek eskaintzen dituzten APIez baliatuta, plugin bereziak garatu dira (Twitterbridge eta Facebookbridge) sare sozial horietara mezuak bidaltzeko StatusNet zerbitzutik bertatik. Horretarako, baina, beharrezkoa da aurretik Twitter eta Facebooken kontuak erregistraturik edukitzea.
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Txapis Otegi
Gorka Julio eta Asier Arsuagak azaldu zuten Andoaingo eraldaLABen sare txiki eta deszentralizatuz osatutako Internet batekin amets egiten dutela. Eta hori posible da Blogsoviet bezalako proiektuekin. Twitter eta Facebook bezalako sare handi eta itxiei aurre egin, eta euren artean komunika daitezkeen sareak (asko eta txikiak) sortu nahi dituzte. Oraingoz StatusNet erabiltzen duen gunerik ezagunena Identi.ca da, baina pixkanaka ari dira gehiago ere sortzen gurean: Alegiko Manillares musika taldearena da horietako bat.
Software librea izanik, Librezale taldeak interfazea euskaratuta zuen Blogsovieteko statusa instalatu aurretik. Blogsovieteko kide batzuk ere lagundu dute euskaratze lanetan, oraindik ere %100ean itzulita ez dagoen arren.
StatusNet sareek 140 karaktereko mezuen muga handitzeko aukera ematen dute. Blogsovieteko StatusNetean, denen artean adostuta, 60.000 karaktereetan jarri dute muga, adibidez. Zenbait gabezia ere baditu, noski: ez du SSL protokolorik erabiltzen oraingoz, eta spama ere badu (ez Twitterrek baino gehiago).
Blogak sortzeko alokatu zuten zerbitzariaz baliatu dira guzti hau martxan jartzeko. Beraz, ez da doako zerbitzua. Hala ere, bakoitzak urtean ordaindutako 6 euroren truke, blogak, StatusNet sareak, wiki, moodle, argazki galeriak... instala ditzakete norberaren domeinuan.
Blogsovietarrek badute garatze bidean den beste proiektu bat: Txioka eta Herrizoma. Herrizomaren funtzioa OStatus estandarra darabilten sare euskaldunetako mezuak jaso eta guztiak jario berean batzea izango da. Txioka berriz, erabiltzaileek doan eta erraz erregistratzeko aukera izango duten StatusNet sare bat gehiago izango da, identi.ca edo freelish.us-en antzera. Talde edo erakunderen batek beraientzat sare propio bat sortu nahiko balu, ordaindu eta instalatuko zaie.
Hemen Andoaingo eraldaLABen erabili zituzten ilustrazioak: Status-Blogsoviet-HerrizomaView more presentations from sustatu.
Erantzun
Sartu