Teknologia albisteak

Gaur irekiko dute "Kabia" espazio kreaktiboa Errenterian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-05-11 : 12:05

Errenteriako Kabia Espazio Kreaktiboaren ibilbide sortzaile eta parte hartzailea gaur hasiko da, Barandiaran Plazan (Pontikako auzoan) burutuko den irekiera ekitaldiarekin. Hitzordua arratsaldeko 7etan da, Kabiaren aurkezpen ofizialarekin eta ondorengo festarekin.

KABIA Pontika auzoan dagoen orube batean (Barandiaran parkea izango denean) jarriko den egitura arkitektonikoa izango da, 30×15 metroko azalera edukiko duena. Egitura horren pean egongo da KABIA, sormen eta elkarlanerako espazioa. Egitura bera lauzpabost hilabetez egongo da jarrita, baina Kabia iraunkor izateko bokazioz jaio da.

Lan horretan, bi gauza egingo dira: batetik, degradatua dagoen gune bat eraldatuko dute auzotarrekin batera, hiriarentzat erabilgarri izango den leku bihurtu arte. Bestetik, hiria egiteko beste modu bat martxan jar daitekeela erakutsi nahi da. Partehartzea, berdintasuna, eraldaketa, berrikuntza, eduki libreak edo auzolana izango dira Errenteria beste modu batera eraikitzen hasteko tresnetako batzuk.

Gaur arratsaldean, gune berriaren ibilbideari hasiera emango zaio, arratsaldeko 7etatik aurrera egingo den irekiera ekitaldiarekin.

Sustatzaileak

Donostia 2016, Arkitektura Kolektiboak eta Errenteriako Udala dira Kabia Espazio Kreaktiboa proiektuaren hasierako sustatzaile; eta hasierako direla azpimarratu beharra dago, errenteriar guztiak animatu nahi direlako proiektu honetako eragile eta egile bihur ditezen.

Donostia 2016 gipuzkoarrontzat eta Euskal Herriko gainerako lurraldeentzat garrantzi bereziko proiektua izango da datozen urteotan. Errenteriak bere ekarpena egin nahi dio ekimenari, bertan sustatzen diren elkarlana, parte-hartzea eta kultur eredua erabat ezkontzen direlako Kabia Espazio Kreaktiboak xede dituen balioekin.

Erantzun

Sartu