Pasa den larunbatean Donostiatik Arditurrira, Oiartzunen, paseo polita egin genuen bizikletaz. Sarri aipatzen dugu ez ditugula ezagutzen etxetik gertu ditugun ingurune ederrak, eta onartu behar dut nik neuk ez nituela ezagutzen Arditurriko meazuloak. Egun pasa polita egin daiteke bidegorri sarea erabiliz Arditurri bisitatu eta han inguruan zer edo zer janaz.
Donostiako Boulevardetik abiatu ginen 9:15 inguruan, Zurriola aldamenetik pasa ostean Pasaiarako norabidean. Ez da beharrezkoa Mirakruz igotzea, trenbidearen albotik bidegorria dago eta, tunel eta guzti Herrerara iristeko. Errenteriara arte bidegorria N-I errepide ohiaren albotik doa, baina lasai joan gaitezke ondo bereizita daudelako. Errenteriatik aurrera bidegorria zuhaitzez inguratua dago eta benetan atsegina egiten da.
Hamarrak ingururako Iturriotz auzoaren parera iritsi ginen, eta han zain genituen Gari Araolaza eta bere seme-alabak. Umeekin egiteko plan polita izan daiteke Oiartzungo herrigunean edota Iturriotzen autoa laga eta handik Arditurrira joan-etorria egitea.
Umeek markatu ziguten erritmoa Arditurriko meazuloetaraino, eta orotara ordu eta erdi behar izan genituen helmugarainoko hamazortzi kilometrokoak egiteko; goiz polita atera zitzaigun eta hobe paisaiari erreparatzea GPSaren bataz-bestekoari baino.
Arditurriko meazuloetan interpretazio zentro bat aurkituko duzu eta bertan bisita gidatuak antolatzen dituzte. Guk Ketari izan genuen gidari eta errekan gora eraman gintuen bost edo hamar minutuko paseoan. Langa bat igaro ostean aspaldiko meazulo bat gertutik ikusi ahal izan genuen.
Bizikletak berriz hartu eta Ergoien auzoko Olaizola jatetxera jatsi ginen azkar-azkar maldan beherako bideari esker. Oarsoaldeko garapen agentziari esker hamaiketako bikaina egin genuen Olaizolan; odolkia, txorizoa eta haragi egosia bikain sartu zitzaizkigun. Lehen Iturriotz aipatu dut umeekin bizikleta joan-etorria hasteko abiapuntu moduan, baina Olaizola ere egokia da, aparkaleku handia duelako.
Errenterian sagardo eguna ospatzen zen, baina euri-tanta batzuk sumatu ostean ez geratzea erabaki genuen, eta eskerrak, Donostiara iritsi eta berehala euria hasi zelako.
Hemen ikus dezakezue egindako gutxi gora-beherako ibilbidea:
Erantzun
Sartu