Teknologia albisteak

Euskarazko aldizkari berri baten munduratzea

Erabiltzailearen aurpegia
Hazi Hezi
2012-05-03 : 18:05

Euskarazko heziketa aldizkari berri batek argia ikusi du, HAZI HEZIk. Hik Hasi taldeak sortu du etxeko komunitateari zuzenduriko heziketa aldizkaria, gurasoei, aitona-amonei, familiei, hezitzaileei... haurren heziketan eta garapenean laguntzeko tresna izateko bokazioz.

Hik Hasi egitasmoak 17 urte daramatza eskolara zuzenduriko materiala sortzen, hilero argitaratzen duen aldizkaria da horren adibide. Orain, etxekoentzako sortuko du materiala, aldizkari berria.

Gurasoek, aitona-amonek, irakasleek... agertu dute horrelako aldizkari bat, etxera bideraturiko heziketa aldizkari bat sortzeko premia. Familia ereduak, amatasun eta aitatasun ereduak bereziki, aldatu diren garai honetan, galdera berriak dauzkate gurasoek, eta haiek mahai gainean jartzen eta erantzuten saiatuko da Hazi Hezi.

Aldizkaria hiruhilabetekaria izango da, eta urtebeteko harpidetza www.hikhasi.com webgunean egin daiteke 20 euroren truke. Hik Hasik Irrien Lagunakekin eta guraso.com webgunearekin elkarlanean sortu du aldizkari berria.

Honelaxe dio Hazi Hezi aldizkariaren lehen editorialak:

"Hik hasi egitasmoaren erraietan ernatu da Hazi Hezi. Sabela puztu barik ere, haurdunaldian nola, bete gara ilusioz, galderaz eta zalantzaz; borobildu gaitu pozak. Erditzea gogorra izan da, bai, baina ederra. Sortu da Hazi Hezi, etxekoentzako heziketa aldizkaria.

Etxekoentzako, bai. Baina komunitate edo tribu gisa hartuta etxea, non gurasoak, aitona-amonak, izebak, osabak, zaintzaileak, haurrideak... dauden. Haiena eta guztiona baita haurraren heziketa, jendartea osatzen dugun bakoitzarena. Eta haiei— guztioi— eskaini nahi diegu haurrak hezten laguntzeko tresna hauxe.

Eta heziketari buruzkoa, baiki. Haurrak —pertsonak— bere nortasuna gara dezan, pertsona autonomo, solidario eta kritikoak sortzen lagundu nahi baitu aldizkari honek, umeen behar emozional, fisiko eta psikologikoak asetzen lagunduko duena.

17 urtez umearen heziketa hobetzeko proposamenak egin ditu hik hasi aldizkariak, eta orain, esku artean daukazu ekarpenik berriena, eskolako komunitateari zuzenduriko aldizkariaren osagarri izango den aldizkari hauxe, kritikoa, euskalduna eta Euskal Herrian sortua. Haurrak eta pertsonak hezten lagunduko duen tresna izateko bokazioz munduratu dena, garai zailetan, bai, baina itxaropentsuetan. Eta haziko bada, irakurle, zure parte hartzea beharko du. Zure iruzkinak, zalantzak, argazkiak... bidaliz; edo harpidedun eginez, edo erosle, edo iragarle... Hazi Hezi handituko bada, zurekin izango da.

Erantzun

Sartu